Erdi Aroko azoka, astebururako plan paregabea Legazpin
Ostiraletik igandera arte, postu ugari eta ikuskizunak izango dira. Azoka Kale Nagusia, Nafarroa eta Plazaola kaleetan egingo da. Mirandaolan ere izango dira jarduera osagarriak.

Erdi Aroan murgilduko da bigarren urtez jarraian Legazpi. Asteburuan, Kale Nagusiak, Nafarroa eta Plazaola kaleek eta Gernika enparantzak garai haiek irudikatuko dituzte udalak Xacobeo enpresarekin batera eta Lenbur Fundazioarekin eta herriko merkatarien laguntzarekin antolatu duen azokaren kontura.
Herriko erdigunea postuz eta ekitaldiz beteko da, ostiraleko 17:00etatik igandeko 20:30era arte. Tarte horretan, izango da zer ikusi, zer erosi eta zer jan eta edan, kale horietan jarriko dituzten postu ugarietan eta egingo diren ikuskizunetan. Mirandaolan ere izango dira jarduerak.
Egitaraua atzo aurkeztu zuten Amaia Aizpurua zinegotziak eta Susana Torregarai udaleko merkataritza teknikariak, Lenbur Fundazioko Agurtzane Elustondok, Pili Gutierrez Legazpiko merkataritza teknikariak eta Xacobeo enpresako Pedro Carrascok eta Asier Velascok.
Azoka ostiralean 17:00etan irekiko da, eta 20:30era arte egongo da irekita, eta larunbatean eta igandean, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era.
Postu eta ikuskizun ugari
Gune nagusiak dagoeneko bandera koloretsuekin apainduta dauden Kale Nagusia eta Nafarroa kalea izango dira, eta bertan kokatuko dira askotariko gaiak salduko dituzten postuak. Iaz bezala, bitxiak, kosmetika naturala, larrua edo zeramika erosteko aukera izango da, baita hestebeteak eta gozoak ere.
Azoka honetan hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera ere izango da. Batzuk ibiltariak izango dira, eta besteak Elizondo tabernaren aurreko plazan egingo dira. Ramaneira eta Spalladoiro musika taldeak, Pedrito Onewheell eta Gureherensugeak dira aurtengo artistak. Eulali ipuin kontalaria, berriz, kalearen beste puntan arituko da.
Jateko eta edateko gune bat ere egokituko dute, Gernika enparantzan. Haurrentzako gunea, berriz, Plazaola kalea izango da.
Bi erakustaldi ere izango dira, eta batetik burdinola txiki bat jarriko dute burdina nola lantzen zen erakusteko, eta hargin batek Legazpiko armarria egingo du, iaz Bruno erraldoia egin zuten bezala.
Azoka gunetik harago
Herrigunetik kanpo, Mirandaolan ere izango dira jarduerak Lenburren eskutik. Larunbatean Euskal Burdinaren Museoan ihes gela izango dute aukeran 8 urtetik aurrerako haurrek. Igandean, berriz, burdinola martxan jarriko dute 11:30ean eta 12:30ean, eta parke inguruan txikienek Ezpataren misterioa jolasa estreinatzeko aukera izango dute. Aldez aurretik izena ematea komeni da.
Erdi Aroko azokarekin batera, larunbatean kontzertua egingo du Ruper Ordorikak Latxartegi aretoan, eta igandean, Haurrak Oin Puntetan dantzari txikien topaketa egingo du Korosti taldeak, goizez. Dantzariek azokako artisauekin batera desfilatuko dute Laubidetik plazaraino.
Merkatarien partaidetza
Herriko merkatariek ere bat egin dute azokarekin, eta iaz bezala, haurren gunean egongo diren atrakzio ekologikoetan ibiltzeko txartelak emango dituzte opari Legazpin erosteagatik.
Egitaraua eta azokaren xehetasunak erdiarolegazpi.com webgunean ikus daitezke.