Etxebizitza premiei buruzko azterketa egingo du Idiazabalgo Udalak
Biztanleriak etxebizitza arloan dituen behar zehatzak ezagutzeko asmoz galdeketa bat egiten ari dira. Telefono deiez gain, online edo udaletxean ere bete daiteke.

Idiazabalgo Udala herriko etxebizitza politika zehazteko lanean ari da. Lanketa horretan hiru ardatz planteatu dituzte, momentuz:
- ZE-03 sektorearen (HG) Plan Partziala idazten hastekoak dira, Zepai auzoa eta Estensoro baserriaren artean dauden lurrei dagokiena.
- VISESArekin harremanetan daude. VISESA, alokairu erregimenean etxebizitza babestuen promozioan diharduen Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa da.
- Promotore pribatuekin ere harremanak lantzen hasita daude.
Testuinguru horretan biztanleriak etxebizitzari dagokionez dituen behar zehatzak ezagutu nahi ditu udalak eta horretarako galdeketa bat zabaldu du herritarren artean. Inkesta horren helburua etxebizitza aldatzeko, birgaitzeko edo etxebizitza bat eskuratzeko idiazabaldarren artean dagoen eskari potentziala ezagutzea da. Inkesta, Ikei enpresaren laguntza teknikoarekin egiten ari dira. Udaletik herritarrei jakinarazi zaie, apirilaren 16ra bitartean, galdeketa egiteko deiren bat jaso dezaketela euren etxeetan.
Bestalde, nork bere kabuz inkesta betetzeko aukera ere izango da esteka honetan, edo nahiago duenak udaletxean bertan paperean ere jaso ahal izango du. Idiazabaldarrei parte hartzeko eskaera luzatu diete udaletik, “ekarpenen bidez, etxebizitza politika eraginkorrago bat martxan jartzeko aukera” izango dutelako. Aldez aurretik herritarrei eskerrak luzatu dizkiete “lankidetzagatik eta inplikazioagatik”.