Euskal Herriko esku-pilotako kluben arteko liga Lazkaon hasiko da
Hamasei klub lehiatuko dira txapelketa berrian eta partidak binaka jokatuko dira. Igandean izango dira aurreneko bi jardunaldiak, Lazkaoko Joxemiel Barandiaranen.

Aurretik egiten zen Berria txapelketaren jarraipen modura aurkeztu dute CMO esku pilotako kluben arteko lehiaketa berria, zenbait «berezitasun desberdinekin». Euskal Herriko hamasei pilota klub lehiatuko dira txapelketa berri horretan eta pilotariek partidak binaka jokatuko dituzte, kantxa osoan. Hiru mailatan jokatuko da: kadete, jubenil eta nagusien mailetan.
Lazkaoko Antzar Pilota Kirol Elkarteak (LAPKE) antolatzen du txapelketa eta bertako kide den Asier Mintegik adierazi du «urteetan egindako lanaren emaitza» dela. «Euskal Herriko klubak indartzea eta egiten duten lana ikusaraztea lortu nahi dugu».
Lehen jardunaldia igandean
Azkeneko ekitaldietako egiturari eta lehiaketa sistemari eutsi die oraingoan ere, eta kanporaketa sisteman oinarrituko da: hamaseirenetan hasi, zortzirenak, laurdenak eta erdiak jokatu, eta final handia ekainaren 22an izango da. Partidak, berez, Lazkaon jokatuko direla ziurtatu du Mintegik, baina, azaldu du antolakuntzak «festibala erosteko» aukera ematen diela parte hartzen duten elkarteei, eta horregatik, final zortzirenetako zenbait festibal Leitzan, Lekunberrin eta Azkoitian jokatuko dira. Gainontzeko partidak Lazkaon izango dira, eta finala, berriz, Tolosako Beotibarren –zuzenean emango du ETBk–.
Igandean, apirilaren 6an, emango zaio txapelketari hasiera, final hamaseirenetako bi kanporaketa jokatuta: aurrenekoa, goizeko 10:30ean jokatuko dute Joxemiel Barandiaran frontoian, Behar Zana (Billabona) eta Lagun Onak (Zornotza) kluben artean; bigarrena, berriz, arratsaldeko 16:30ean izango da toki berean, Munitibarko Lea Ibarra eta Irurtzungo Irurtzun kluben artean. Ostegunean jakinaraziko dituzte pilotarien izenak.
«Euskal Herriko klubak indartzea eta egiten duten lana ikusaraztea lortu nahi dugu»
Asier Mintegi. Lapkeko kidea
Mintegik nabarmendu du txapelketa Lazkaon jokatzeak jendea «erakarriko» duela: «Euskal Herriko klubik onenak izango dira Lazkaon, eta partida interesgarriak izango direla jakinda, jendea hurbilduko da». Horiek bistaratzea da LAPKEren helburua.
Partidak jokotan banatuta
Antolatzaileek «berritasun nagusi» bat nabarmendu dute: partidak jokotan —edo setetan— banatuko dira, hau da, partida bakoitzak bi joko izango ditu eta hamar tanto egitera lehiatuko dira parte hartzaileak. Bikoteek bana irabaziz gero, hirugarren set bat egingo dute, bost tantora. Mintegiren esanetan, partidak modu honetan jokatuta, «estuagoak eta nibelatuagoak» ateratzen dira.
Lehen jokoan zozketaz aukeratuko da sakatzailea, eta, bigarrengoan, errestatzen aritu denak aterako du. Hirugarren joko bat egongo balitz, berriz, lehen setean sakatu duenak izango du sakea berriro. Horrez gain, talde bakoitzak atsedenerako tarte bat izango du joko bakoitzean. Materialari dagokionez, antolakuntzak jarriko ditu pilotak, guztiak gogorrak izango dira, eta soilik boteka probatu ahal izango dituzte.
Txapelketa irabazten duen elkarteak 3.000 euro eta Lacturale enpresako produktuen zazpi sorta eskuratuko ditu; bigarren postua lortzen duenak, berriz, 2.000 euro eta Lacturale produktuen zazpi sorta; hirugarren klub onenak 1.000 euro jasoko ditu; eta laugarrenak, berriz, 500 euro.