«Haserre gaude eta motiboak ditugu kalean protestatzeko»
Irakaskuntza publiko ez-unibertsitarioan greba egunak dituzte, atzo eta gaur. Ainara Imaz Estarbe ataundarra irakaslea da Ezkio-Itsaso Herri Eskolan. Konponbiderik ezean grebari eusteko beharra ikusten du.

Astelehenerako zegoen iragarrita sindikatuen eta Hezkuntza Sailaren arteko bilera bertan behera geratu zen, Hezkuntza Sailaren erabakiz. Nola daude langileen animoak?
Niri behintzat, amorru handia ematen dit. Ostiralean iragarri ondoren astelehenean berriro negoziazioei ekingo zitzaiela, astelehen goizean, aldebakarrez erabaki zuen Hezkuntza Sailak bertan behera uztea mahaia. Aurretik bagatoz greba dinamika indartsu batetik, eta horrelako egoera batean sortzen den inpaktu sozialaren aurrean, erabaki hau hartzea… ba oso amorragarria, gogorra eta ulertezina iruditzen zait.
Negoziazioekin aurrera jarraitzeko Hezkuntza Sailak jartzen duen baldintzetako bat da greba bertan behera uztea. Zer deritzozu?
Uste dut hori aitzakia bat baino ez dela. Grebak ez datoz atzotik. Hitzarmena berritu gabe 15 urte daramatzagu. 15 urte horietan, denbora izan da aurrerapausoak emateko, aldaketak egiteko… 15 urte dira. Gaiaren inguruan asko hitz egin da, aukera asko egon dira, eta Hezkuntza Sailak bazekien egoera jasanezina zela langileentzat eta aldaketen beharra zegoela aspalditik. Langileentzat, egoera oso gogorra da, baita ikasleentzat ere. Haiengatik ere baldintzak hobetu beharra daude.
Greba dinamika planteatu zenerako, -urtarrilean egin ziren lehenengo grebak, eta apirilean gaude-, denborarik ez ote zuen izan Hezkuntza Sailak aurrerapausoak emateko? Eta orain, diote, greba dinamika dela negoziazioekin ez jarraitzeko arazo bat. Iruditzen zait lotsagabekeria handia dela hori esatea. Utzigabekeria handia ari dira erakusten, izan dituztelako aukerak, bilerak egin baitira aurrerapausoak emateko. Horregatik, diskurtso hori ez da sostengatzen.
Eta gehiago ere esango nuke. Hezkuntza Sailak aurten eman dituen pauso apurrak izan dira greba dinamika bat martxan dagoelako eta langileak lanpostuak utzi eta kalean gaudelako protesta egiten. Egoera horrek bultzatu du Hezkuntza Saila pixka bat mugitzea.
Beraz, premiazkoa eta bateragarria da greba eta protestak egitea, bestela Hezkuntza Sailak pasa ditzake egunak, asteak, hilabeteak, urteak diskurtso bat egiten baina aurrerapausoak eman gabe. Eskaera horrekin Hezkuntza Sailak nahi duena da isiltasun soziala izatea, ezer gertatzen ari denaren itxura emateko. Ez dute nahi lan gatazka honek espazioa izatea komunikabideetan. Isiltasuna eta baretasuna nahi dute Hezkuntza Sailarentzat propaganda txarra delako.
Beraz, zein da borondatea negoziatzea ala gizarteak ezer ez sumatzea?
«Irakaskuntza publikoko grebak ez datoz atzotik. 15 urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe»
15 urte hitzarmenik berritu gabe. Zeintzuk dira irakaskuntzako langileen eskaerak?
15 urtean Euskal Herriko gizartea ikaragarri aldatu da. Gizartea aldatu den heinean, hezkuntzan, beharrak ere aldatu egin dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, herri proiektu bezala beharrei erantzun bat emateko obligazioa du Hezkuntza Sailak. Horretarako, baliabideak jarri behar dira, euskalduntzeari dagokionez, hezkidetzari dagokionez, aniztasunari erantzun bat emateko baliabideei dagokienez… Eskaerak aspalditik datoz eta eskaini diren baliabideak ez datoz bat gizarteak egin duen aldaketarekin. Proportzioan, urri geratzen dira. Behar berriei erantzun bat eman behar diegu, eta horrek sortzen duen zama guztia gure gain, langileen gain, ezin da erori. Langileek lehendik ere badugu lan zama handia; protokoloak direla, memoriak direla… Eta askotan gaude paperei erantzuten eta gainontzeko guztira ezin iritsi.
Baliabide humanoak dira langileen aldetik eskaera nagusietako bat…
Zalantzarik gabe! Ikasleen beharrak erantzun gabe daude, eta ardura Hezkuntza Sailarena da. Behar horiek ondo zehaztu behar dira lehenik, eta erantzunak eskoletara iritsiko direla bermatu behar da ere. Ez du balio borondate onen dokumentu bat aurkeztea, zehaztasunik gabe, konpromiso zehatzik gabe eta ziurtasunik gabe, eta benetan behar diren baliabide horiek martxan ez jartzea ikastetxeetan.
«EAEn herri proiektu bezala beharrei erantzun bat emateko obligazioa du Hezkuntza Sailak»
Zer beste eskaera dituzue?
Ikasle-irakasle ratioak hobetzeaz eta lan zama arintzeaz gain, plantilak egonkortzea, behin-behinekotasun tasa oso handia baita, eta horrek, langilegoari egonkortasun eza suposatzen dio, proiektu baten parte sentitzea zailtzen duelarik, eta ikastetxeentzat, proiektu bati jarraikortasuna emateko, behar-beharrezkoa da urtero hainbeste aldaketarik ez egotea; erosahalmena galdu dugu, beraz, bizitzaren garestitzearekin bat datorren igoera eskatzen dugu; eta gazte-berritze plana, hau da erretiroa hartzeko erraztasunak, gazteei bide eman.
Aste honetarako beste bi greba egun dituzue deituta, eta horrekin, urte hasieratik 9 greba egun izango dira denera. Zer espero duzue?
Greba amaitzeko eta hitzarmena lortzeko bideak soluzio bakarra dauka, eta Hezkuntza Sailaren esku dago. Langileak haserre gaude eta motiboak ditugu kalean protestatzeko. Orain da momentua baliabide horiek borrokatzeko, orain da lan baldintzak borrokatzeko momentua. Euskal Autonomia Erkidego osoko irakaslegoa indar eta haserre erakustaldi handia egiten ari da. Honekin, Hezkuntza Sailak ulertu beharko du, hau ondo konpondu arte ez garela lanpostuetara bueltatuko, normaltasun batean. Hezkuntza Sailak benetako borondatea erakusten duenean bukatuko da hau.
Beraz, egunotan ez bada konponbidea ipintzen, greba egun gehiago izango dira?
Momentuz aste honetarako bi deialdi daude. Hortik aurrera, sindikatuek adostu beharko dute. Baina langile bezala, ulertzen dudana da, akordiorik ezean, grebak aurrera jarraitu behar duela.