«Ametsa da debutatu eta urte eta erdi eskasera halako partida bat jokatzea»
Senar lehen aldiz ari da Lehen Mailako buruz burukoan. Larunbatean, Elordiren aurka jokatuko du Bilbon. «Hark du presioa. Nik ez dut batere».

Lehenbizi, aurkezpena; ondoren, pilota aukeraketa. Pixkanaka, Lehen Mailako buruz burukoa jokatuko duela barneratzen ari da Beñat Senar (Ataun, Gipuzkoa, 2001). «Gozatzen ari naiz», dio.
Lehen aldiz ariko zara Lehen Mailako buruz burukoan. Zer sentitzen duzu?
Poza. Niretzat, aukera ederra izan zen atarikoa jokatzea, eta, aprobetxatu egin nuen. Orain, Elordiren aurka jokatuko dut. Hark du presioa, txapeldun izandakoa baita. Nik, ordea, ez dut batere, eta ahalik eta partidarik onena egiten saiatuko naiz; ea irabazten dudan.
Duela bi urte eskas izan zen Elordi txapeldun. Non zinen zu orduan?
Etxean ikusi nuen final hura, telebistan. Elordi inoizko boladarik eta sasoirik onenean zegoen. Beldurra ematen zuen haren aurka jokatzeak. Ea oraingoan ez duen halako bolada harrapatzen.
Pentsa zenezakeen bi urte eskas geroago haren aurka jokatuko zenuenik?
Ezta pentsatu ere. Afizionatuetan nenbilen orduan. Handik bost hilabetera debutatu nuen profesionaletan. Lehen lau hilabeteak gogorrak izan ziren, baina, pixkanaka, gero eta emaitza hobeak lortu nituen. Ondo aritu nintzen udan, eta, gero, binakakoari ekin nion Iosurekin [Eskirozekin]; izugarri lagundu zidan, eta konfiantza handia hartu nuen. Sekulako kolpea izan zen lehen ligaxka lider bukatu eta gero finalerako ez sailkatzea. Baina kanpoan geratu eta biharamunean esan zidan enpresak atarikoa jokatuko nuela. Ilusio ikaragarria piztu zidan. Izugarri eskertu nuen.
Sufritu egin zenuen profesionaletako hastapenetan?
Bai. Lehen zortzi partidak galdu nituen, eta horrek zalantza eragin zidan, ea nire tokia zen. Baina, gero, hobera egin nuen. Orain, gozatzen ari naiz, baina, hemen ez dago lasaitzerik.
Zure garairik onenean zaude?
Bai. Uztailetik hona oso emaitza onak lortzen ari naiz, eta gustura nabil. Eta, orain, buruz buruko nagusia jokatuko dut. Ametsa da debutatu eta urte eta erdi eskasera halako partida bat jokatzea.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.