Artea herritarrei gerturatzeko eguna
Bigarren Arte Eguna egingo dute larunbatean. Arte azoka, karikatura postua, buztina lantzen ikasteko postua, kale animazioa antzerki taldearen eskutik eta Goierriko talogileen talo goxoak dastatzeko aukera izango da.

Iazko esperientzia ona ikusita, bigarren Arte Eguna antolatu dute arte diziplina desberdinen bueltan lanean diharduten eragileen elkarlanetik. Bear pintura elkarteak, Argizpi argazkilaritza elkarteak, antzerki taldeak eta Beasaingo Udalak antolatu dute ekimena, beste eragile batzuen laguntzarekin. Larunbatean izango da, Erauskin plazan, eta goiz osoko egitaraua izango da. Arte azoka, karikatura postua, buztina lantzen ikasteko postua, kale animazioa antzerki taldearen eskutik eta Goierriko talogileen talo goxoak dastatzeko aukera izango da.
«Azoka baten moduan izango da, gure lanak kalera atera eta herritarrek ezagutu ditzaten herrian bertan dituzten baliabideak» aurreratu du Iban Aranburu Bear pintura eskolako arduradunak. «Herritarrentzako eta bisitarientzako ahalik eta atseginena izatea nahi dugu aurten ere, hala, bueltatxo bat ematen duten bitartean, Urbieta eraikinean aurki ditzaketen elkarte desberdinak eta bertan egiten duguna ezagutzera ematea da helburua», osatu du.
Erauskin plaza aukeratu dute aurtengoan ere Arte Egunari lekua emateko, «herrigunean dagoelako eta espazio zabala dagoelako». Gainera, euria egiten badu, Gernika pasealekuko pilotalekua gertu dute, eta bertan jarriko lirateke.
Egitarau zabala
Goiz osorako proposamena dakarte bigarren Arte Egunarekin. 10:00etan irekiko dute arte azoka. Bertan, Urbieta zentroko artista desberdinek egindako lanekin postuak izango dira; pintura, zeramika, argazkigintza… Aranburuk iragarri duenez, 40 bat artistek jarriko dituzte lanak ikusgai. 14:00ak arte egongo da zabalik.

Arte Eguna, iaz.Maider Insausti
Baina gainera, gauza gehiago ere izango dira goiza girotzeko, guztia artearen bueltan, beti ere. Ausartenentzako, karikatura postura gerturatzeko gonbita luzatu du Aranburuk. Bear eskolako ikasle batek egingo ditu karikaturak. Gerturatzen den orok eska dezake karikatura egitea, ondoren etxera eramateko.
Horrez gain, buztina lantzeko aukera ere izango da, zeramika eskolako kideen eskutik. «Sekula probatu ez eta gogoa duenarentzat, hortxe izango du aukera paregabe bat», animatu ditu denak lotsak kentzera.
Antzerki taldearen txanda izango da 12:00etan. Pololo, Elena madalena eta Txiki pailazoak ere bertan izango dira.
Egitaraua borobiltzeko, Goierriko talogileen arteari esker, barruak goxatzeko talo eskaintza goxo-goxoa izango da.
Azkenik, egitaraua osatzeko eta ekintza hau antolatzea posible egin duten partaide guztiei «eskerrak» eman dizkie Aranburuk.