Epe baterako desjabetzeak aurreikusi ditu Adifek Itsason, AHTaren lanak direla eta
Adifek Espainiako Boletin Ofizialean argitaratu du proiektua. Alegiko madurako lursailei eragingo die desjabetzeak.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanek geldo, baina aurrera darraite etenik gabe Goierrin. Espainiako Boletin Ofizialean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean berriki argitaratu dutenez, Itsason hainbat lur sailen epe baterako desjabetzeak aurreikusi ditu Adifek, jada eginda dagoen azpiegituran falta diren hainbat lan burutzeko. Desjabetzeak direla eta, Itsaso Herriak eta lur jabeek alegazioak aurkeztuko dizkiote proposamenari. Bihar da alegazioak aurkezteko azken eguna.
Jada eginda dagoen azpiegituran trenbidea egituratzeko lanak egingo dituzte hurrengo fase batean, «erraiak eta trabesak jartzen hasiko dira», zehaztu du Itsaso Herriako Gorka Sasietak. Lan horiek burutzeko materiala biltzeko eremu bat eta kamioien sartu-irtenak errazteko bideak aurreikusi ditu Adifek. Itsasoren kasuan, «Alegia auzotik Itsasora bidean, frontoia pasa eta eskuinetara dagoen tunelaren ondoan zehaztu dute trabesen bilketarako eremua», azaldu du. Eremu hori Adifena dela zehaztu du Sasietak eta ondorioz, desjabetzeak ez dituzte eremu horretan egingo, Alegiko madura izenez ezagutzen den belardian, baizik.
Bigarren aldia
Alegiko madura Alegi auzotik Ezkiora bidean dagoen lautadari esaten zaio. AHTaren azpiegitura egin zuten garaian ere egin zituzten desjabetzeak eremu berean, «bi bide egin zituzten piezak sartu eta soberan zegoen lurra zabortegira eramateko», piezak oso handiak zirenez, Alegitik sartzen ez zirelako. Orain ere, garai hartan bezala, belardiak gurutzatuko dituen bi bide planteatu ditu Adifek «nahiz eta ez dugun oso ondo ulertzen zergatik», azpimarratu du Sasietak.
Epe baterako desjabetzeak izango dira, baina oraindik ez dute data zehatzik aurreratu. Desjabetzeekin euren desadostasuna adierazteko alegazioak aurkeztuko dizkiote Adifen aurre proiektuari «bai Itsaso Herriak eta baita lurren jabeek ere». Hainbat arrazoi zerrendatu dituzte desjabetzeen kontra eta horietan oinarritu dituzte euren argudioak; beste aukera batzuk aztertzeko eskaera ere egin dute.
Sasietak aipatu duenez, «asko» kostatu da eremu hori berrekuratzea. Azpiegitura lanak amaituta, Adifek «nolabait leheneratu» zituen lur horiek «baina ez zuten lanak hasi aurretik zeuden egoera berean utzi». Bertako jabeek adierazi dutenez, «harri ugari agertu izan dira belardietan eta urteetako lana suposatu die belardiak bere horretan uztea; nahiz eta Adifen ardura izan hasieratik lurrak egoera onean uztea». Hala, partikularrek «lan handia» egin behar izan dutela nabarmendu du Sasietak eta Itsasoko herriak ere bai, itxitura berriak etab, jartzen.
Bestelako aukerak
Alegazioak egiterako unean azpimarratu duten beste arrazoietako bat izan da, Adifek ez duela ingurumen-inpaktu azterketarik aurkeztu. Eta lur jabeei zuzenean jakinarazpenik ez helarazi izana ere deitoratu dute. Amaitzeko, eremu horiek erabiltzeko beharrik ez dagoela ere argudiatu dute eta materialak garraiatzeko trenbidea erabili daitekeela proposatu dute.
Bihar da, legez, Adifen proiektuari alegazioak aurkezteko azken eguna. Ondoren, legez zehaztutako epea itxaron beharko da erantzunen bat jaso bitartean.