«Islandiari eman didana itzultzeko modu bat da liburua»
Edurne Urrestarazuk ‘Mendia eta ni’ haurrentzako liburua argitaratu du Irati Peluagaren ilustrazioekin. Gaur arratsaldean aurkezpena egingo dute Idiazabalgo udaletxeko areto nagusian, 18:00etan.

Ez da geldi egotekoa Edurne Urrestarazu (Idiazabal, 1993). Gizarte Antropologia ikasi zuen EHUn eta Ikus Antropologia masterra, ondoren. Hainbat ikerketa lan argitaratuak ditu: Joxe Miel Barandiaran bekarekin bat eta Arabako Errioxako ardoei buruzko bat, besteren artean. Eskoziako (Erresuma Batua) Saint Andrews unibertsitatean ere ikerketa laguntzaile ibilitakoa da. 2014an Erasmus beka bati esker Islandian egonaldia egin zuen. Gerora ere hainbatetan joan da bertara, lanera eta lagunak bisitatzera. 2023an Kolonbian izan zen unibertsitatearekin kooperante lanetan. Gaur egun, filosofia irakaslea da.
Munduko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izan duzu.
Oso zalea naiz. Antropologia ikasi nuen eta horrek kultura eta leku berriak ezagutzeko grina sortu dit. Europa aldean mugitu naiz batez ere.
‘Mendia eta ni’ liburua da zure lehendabiziko argitalpena?
Aurretik ikerketa lanak eta baditut argitaratuta, baina hau nire lehendabiziko album ilustratua da, baita Iratirena ere.
Nondik nora sortu zitzaizun ideia?
Islandian ibilitako denboran, 2015ean, arte eskola batean aritu nintzen hiru hilabetez. Estantziaren bukaerarako lan bat aurkeztu behar genuen. Ordurako irteera batzuk eginak nituen eta tartean, Hvítserkur mendia ezagutzeko aukera izan nuen. Ekialdeko fiordoetan dagoen mendi bat da, ikusgarria eta erabaki nuen, nolabait, arte eskolako amaierako aurkezpen horretara eramatea. Bera da, baita, Mendia eta ni liburuko protagonista. Orduan sortu zitzaidan ipuinaren ideia, nahiz eta behin betiko forma orain, 10 urte beranduago, hartu duen. Islandiari eman didana itzultzeko modu bat da liburua.
«Lagunen artean banatu dut eta gustura egiten den opari bat da»
Forma, besteren artean, Irati Peluagaren ilustrazioek ere eman diote.
Geroago, irakaskuntza masterra egiten ari nintzela ezagutu nuen Irati (Loiola, Donostia, 1998). Berak Arte Ederrak ikasi zituen aurretik. Marrazteko gogoa zuen eta elkarrekin zerbait egitea adostu genuen. Nik idatzita nuen ipuina erakutsi nion. Hala, forma hartzen joan zen, gauzak moztu, birmoldatu… argitaratu den arte.
Zer iritzi duzu Irati Peluagaren ilustrazioei buruz?
Asko aberastu dute testua. Oso gustura gaude biok azken emaitzarekin. Gaitasun handia dauka marrazteko, testutik abiatuta esan nahi dena adierazteko. Testua eta irudiak elkar elikatzen direla esango nuke.
Nolakoa izan da liburua sortu eta argitaratu arteko bide hori?
Argitaletxe ezberdinekin jarri ginen harremanetan. Ikas argitaletxeak baiezkoa esan zigun 2022an eta orain argitaratu da. Uztaritzen dauka bulegoa Ikasek, beraiekin hartu emana beti oso ona izan da. Ilusio handia adierazi zuten beraiek ere liburuarekiko. Argitaletxe honek material pedagogikoa ere egiten du eta liburua iparraldeko ikastola guztietara banatuko dute eta material didaktiko bat sortuko dute ikasleekin lantzeko. Gainera, Idiazabalen Guztan salgai dago eta hegoaldean banaketa Elkar argitaletxean bidez egin da.
Idiazabalen aurkeztuko duzue gaur arratsaldean proiektua.
Irati eta biok izango gara gaur aurkezpenean, aurretik bazkalondorenean, Aita Iparragirre eskolara joango gara LHko 3. mailakoekin ipuin kontaketa egitera.

Edurne Urrestarazu eta Irati Peluaga.
Mendia eta ni 9 urtetik gorako haur eta gazteei zuzendutako liburua da. Idazlearen hitzetan, «gizakion bizitzeko modua» da ildo nagusia, gazte baten eta mendi baten arteko elkarrizketa batek irudikatuta. «Zalantzak sortu nahi nituen, gizakiok bizi garen modu horri buelta bat eman. Horren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dut, irakurleari ere galderak sorraraziz».
Lehendik ere idaztera ohituta dago, besteren artean, Idiazabalgo Aldaize aldizkarian. Gaur egun, editoriala idazteko ardura du. «Herrian nire alea jartzea gustu handiz egiten dudan lan bat da». Hainbeste denbora pasa eta gero, ipuina irudiekin josita esku artean jasotzeak «ilusioa» egin diola aitortu du. «Lagunen artean banatu dut, eta gustura egiten den opari bat da», amaitu du.