Trento hortz klinikak Ordizia Rugby babestuko du
Hiru urteko hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Bi aldeek kirolaz harago doan "filosofiak" batzen dituela nabarmendu dute hitzarmenaren sinadura ekitaldian.

Jabier Etxaniz eta Koro Bosque hitzarmena sinatzen.
Beasaingo Trento hortz klinikak Ordizia Rugby Elkartea babestuko du. Gaur goizean sinatu dute akordioa, Trentok Beasainen duen klinikan. Hala, hurrengo hiru denboraldietan, elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu dute bi aldeek. Ekitaldia baliatu dute klubeko errugbilari gazteenek entrenamenduetarako erabiliko duten materiala aurkezteko.
Ordizia Rugbyko lehendakari Koro Bosquek Trento hortz klinikaren “ahalegina” eta “klubari babesa ematea” eskertu nahi izan dizkio. Babesletza berri hau Ordizia Rugbyren proiektuarentzat “bultzada garrantzitsua” dela nabarmendu du: “Liga geroz eta profesionalizatuagoa dago eta klubaren beharrak ere geroz eta handiagoak dira. Horregatik, inguruko enpresen aldetik horrelako babesa izatea oso garrantzitsua da guretzat”.
Trento enpresaren ordezkari eta zuzendari mediku Jabier Etxanizek erantzun duenez, “ohore bat da” Ordizia Rugbyrekin lankidetza honi bide ematea. Bi aldeak “filosofia berak” batzen dituela gaineratu du. “Kirola sustatzeaz haratago doazen baloreak batzen gaituzte, hain zuzen ere, lanarekin, giza garapenarekin eta komunitatearen zaintzarekin loturikoak”, bai Trento hortz klinikarentzat bai Ordizia Rugbyrentzat “oinarrizkoak” direnak. Horregatik, “kirolaren eta errugbiaren alde” lanean jarraituko dutela azaldu dute.
Hitzarmena borobiltzeko, familia argazkia atera dute Trento hortz klinikako lan taldeak eta Ordizia Rugbyko lehendakariak, entrenatzaileak eta jokalariek.

Trento hortz klinikako eta Ordizia rugbiko ordezkariak.Ariane Vierbücher