Itsaso auzo udal bihurtzeko prozesua berriz landuko dute Batzar Nagusietan
Etenaldiaren ondotik, berriz landuko dute gaia Batzar Nagusietan. EAJk eta EH Bilduk proposamen bana aurkeztu dituzte. Izendapena ez da berehalakoa izango, baina udararako ebaztea espero dute.

Nahi baino gehiago luzatu den geldialdi baten ostean, Itsaso auzo udal izendatzeko prozedura Batzar Nagusietan landuko dute laster. Edo hala ondorioztatu daiteke behintzat, EH Bilduk eta EAJk Itsasori auzo udal izatea ahalbideratuko dion foru arauaren erreformaren gaineko proposamen bana erregistratu baitzituzten martxoaren amaieran Batzar Nagusietan. Prozedurak bere bidea jarraitzen badu, udarako Itsasoren egoerak ebatzita beharko luke.
EH Bilduk eta EAJk hainbat «hika-mika» izan dituzte arauaren erreformaren inguruan, eta «batak besteari aurpegiratu dio ez dutela ezer egin», dio Itsasoko batzordeko kide Gorka Sasietak. Gaiari heldu diote berriro eta alderdi bakoitzak bere aldetik aurkeztuko du proposamena; «EAJk Itsasoren kasu zehatzari irtenbidea emango dion proposamena aurkeztuko du; EH Bildurena, berriz, orokorragoa izango da, etorkizunean beste batzuentzat ere onuragarria izateko helburuz, Angiozar kasu», zehaztu du Sasietak.
Martxoaren 27an erregistratu zituzten bi alderdiek Batzar Nagusien gai zerrendan lantzeko bi proposamenak eta apirilaren 4an egin ziren txostenak publiko. Batzar Nagusien hurrengo osoko bilkura apirilaren 9an ospatuko den arren, proposamenak ez dira orduan landuko, Batzar Nagusietako iturrien arabera, aurretik Gipuzkoako Foru Aldunditik pasa behar dutelako.
Udarako ebazpenaren zain
Gaia Batzar Nagusietan onartzea lehendabiziko pauso bat izango da, «prozesu bati hasiera emango diona», dio Sasietak. Behin betiko onespena eman aurretik, aldunditik pasatuko da berriz proposamena, «bertako teknikariek aztertzeko». «Hiru hilabeteko prozesua izango dela esan digute», zehaztu du. Ebazpena «laster» iritsiko denaren esperantza du Sasietak: «Foru arauaren aldaketa onartzea bakarrik falta da, dagoeneko mila lanketa eta zehaztapen egin ditugu aurretik».
Aldarrikapen historiko baten kronologia da Itsasoren kasua. Aurretik saiakera asko egin eta gero, 2017ko urtarrilean aldundiak Gipuzkoako 89. herri gisa onartu zuen Itsaso. Garaipenak ez zien asko iraun itsasoarrei. Espainiako Gobernuak —Mariano Rajoy presidente zela (PP)— helegitea aurkeztu zuen bi hilabete beranduago eta Espainiako Epaitegiak aldundiaren abenduaren 20ko 27/2016 foru dekretua baliogabetu zuen urte batzuk beranduago. 2021eko urtarrilaren 1etik Ezkio eta Itsaso herri bakar bihurtu ziren berriro.
Askatasun erabatekorik ez
2023ko martxoan, tokiko erakunde txiki edo auzo udal izateko prozesua jarri zuten martxan Itsason. Gaiaren inguruan egindako galdeketan parte hartu zuten itsasoarren %86,4 auzo udal izatearen alde agertu ziren. Auzo udal izaerak ez dio Ezkiorekiko askatasun erabatekoa bermatuko, baina nolabaiteko entitate juridikoa emango dio Itsasori, «jabetzak edukitzeko edo udalaz gaindiko erakundeetan diru laguntzak eskatzeko eskubidea, besteren artean» aipatu zituen ordu hartan.