Mobilizazioak deitu dituzte herri palestinarraren alde
Gernika-Palestina herri ekimenak egin du deialdia, astearte arratsalderako, 'Lurra. Justizia. Bakea.' lelopean. Mobilizazioak herriz herri albistean.

Gernika-Palestina herri ekimenak elkarretaratzeak deitu ditu Lurra. Justizia. Bakea. lelopean, astearte arratsalderako. Goierrin, Ataunen, Ordizian, Beasainen, Zerainen, Lazkaon, Itsasondon, Idiazabalen, Seguran, Zaldibian, Legorretan eta Legazpin, 19:00etan, eta Ezkion, 18:00etan, egingo dira bilkurak. Zumarragako udaletxetik Urretxuko udaletxera, berriz, giza katea egingo dute, 19:00etan abiatuta.
Gernika-Palestina herri ekimena osatzen duten talde politiko, sindikal eta sozialek, Donostiako Kursaalenan bildu ziren martxoaren 28an, eta bertan hitzartu zuten Kursaal-Adierazpenaren bidez salatu dute Israelgo estatuak nazioarteko zuzenbidea urratzen jarraitzen duela, Palestinako lurraldeak okupatuz eta populazio zibilaren aurka «gerra totala» burutuz.
Plazaraturiko adierazpenaren sinatzaileek hiru oinarri nagusi jorratu dituzte: lehenik, lider politikoei erantzukizun handiagoa eskatu diete; bigarrenik, Israelgo estatua berehalakoan Gazatik erretiratzea eta nazioarteko aginduak bete ditzala exijitu du, nazioarteko komunitatea presio diplomatiko eta juridiko sendoagoak aplikatzera deituz; eta hirugarrenik, elkarrizketa eta negoziazioa konponbide baketsuaren giltzarriak direla azpimarratu du, Palestinaren autodeterminazio eskubidea eta apartheid sistemaren amaiera aldarrikatuz.
Gauzak horrela, plataformak nabarmendu du mobilizazioek «presio diplomatiko eraginkorra» sortzeko balio dutela eta elkartasun aktiborako deia egin diete herritarrei.
Adierazpena sinatu duten eragileak
Ondorengo eragileek sinatu dute adierazpena, EH Bildu, EH Bai, PSE, Podemos Euskadi, Ezker Anitza, IU, Geroa Bai, LAB; Steilas, Etxalde, CCOO, UGT, Gernika Memoriaren Lekuko, Artistak genozidioaren aurka, Gerrarik EZ!, Yala Nafarroa con Palestina, Gure Haurrak ere Badira, Kulturatik, UNADIKUM Elkartea, Pentsionistak martxan, Ernai, OlatuKoop eta Euskal Herriko Bilgune Feminista.