Osinberdetik Osinaldera
Zaldibiako Osinberde saria Iruri Altzerreka bizkaitarrak irabazi du. Eki Mateorena nafarra ere Gabirian izango da. Azken kanporaketa-sariketa Aztirian jokatuko da larunbatean, June Aiestaran beasaindarra bertan dela.

Larunbatean Zaldibian XII. Osinberde saria jokatu zen, 53. Osinalde sariketako bigarren kanporaketa. Osinberde saria irabazita, Iruri Altzerreka (Garai, Bizkaia) Gabiriako Osinalde elkarteko finalean izango da apirilaren 26an. Bigarrena Eki Mateorena (Leitza, Nafarroa) izan zen eta nafarra ere Gabirian izango da, Ordiziako Argi Berri saritik sailkatutako Libe Goenaga getariarrarekin eta Haira Aizpurua saratarrarekin batera.
Osinberden kantuan aritu ziren gainerako bertsolariak ondorengoak izan ziren: Josu Ibarguren (Oiartzun), Janire Arrizabalaga (Gernika), Ekain Alegre (Altsasu) eta Jon Mendiluze (Irura). Aurkezle lanetan Joxi Irastorza aritu zen eta bertsolariak kopletan aritzeko, Urko Ormaetxea eta Maide Garmendia trikitilarien laguntza izan zuten.
Epaile lanetan, Martin Aramendi, Mikel Urteaga, Alaitz Sarasola eta Iñaki Murua Gorriñe aritu ziren.
Sariak
Bertsolari bakoitzak sariketan parte hartzeagatik oroigarri bana, Puntutan arropa dendako deskontu bonua eta Patxi Iraolaren Naizen Apurra liburuaren ale bana jaso zuten. Altzerrekak irabazlearen garaikurra ere bai. Entzuleen saria ere bizkaitarrarentzat izan zen, eta Joxepaneko arduradun Lurdes Barcinaren eskutik jaso zuen egurrezko talla bat.
Giro aparta
Osinberdeko antolatzaileak gustura daude larunbateko saioak emandakoarekin. “Aurtengo Osinberde sariketan 42 lagun izan dira afaltzen eta ondorengo bertso saioa entzuten beste dozena bat lagun gehitu dira Joxepaneko jangelara. Afari ederra. Giro aparta eta bertso saio dotoreaz gozatu dute bertaratutakoek”.
Apirilaren 26ko Osinaldeko finalean kantatuko duten azken bi bertsolariak aukeratuko dituzte larunbatean Gabiriako Aztiri auzoan, Aztiria Saria jokatuta. Beste sei bertsolari ariko dira kantuan, bertso afariaren ondoren: June Aiestaran (Beasain, 2006), Aitor Tatiegi (Oñati, 2001), Beñat Astiz (Barañain, 2004), Peru Irastortza (Algorta, 2001), Naia Arrizabalaga (Azkoitia, 2004) eta Maite Sarasola (Deustu, 2001).