DEIALDIA. Euskal Herriko Itzulia ikurrinez betetzeko deia egin du Gure Eskuk
Gure Eskuk deialdi berezia egin du asteazkenean, Itzulia Beasainen helmugaratzen denean, Erauskin plaza ikurrinez betetzeko.

Gure Eskuk Euskal Herriko Itzulia ikurrez betetzera animatu ditu zaleak. Txapelketaren 64. edizioa atzo hasi zen, Gasteizen, eta apirilaren 12an amaituko da Eibarren. Goierrira, bihar, asteazkena iritsiko da. Itzuliko hirugarren etapa izango dena Zarauztik abiatuko da 13:35ean, eta Mandubitik iritsiko da Goierriko errepideetara, 15:40ean. Karrera amaiera, Beasainen izango da 17:18etik aurrera, antolakuntzak iragarri duenez. Goierrin sartu orduko, Ormaiztegi, Segura, Beasain, Ordizia, Gaintza, eta Larraitz igaroko ditu, eta Tolosaldetik bueltan, Legorretatik, Itsasondo, eta Lazkaomendi igaroko dituzte txirrindulariek, Beasaingo helmugara iritsi aurretik. Gure Eskuk deialdi berezia egin du, 16:30ean Beasaingo Erauskin plaza ikurrinaz betetzeko.
Hurrengo egunean, laugarren etapa Beasaindik abiatuko da. 13:15ean. Ormaiztegi aldera egingo du GI-2630 errepidetik. Handik Zumarragara eta Legazpira ondoren, Udanatik Oñati aldera joango delarik.
«Itzuliak zeharkatuko dituen errepide bazterrak bete ditzagun gure ikurrez. Elkartu gaitezen eta zabal ditzagun ikurrinak etapa amaieretan, gerturatu eta eskuratu zurea! Hartu ikurrinak eta zabal ditzagun harrotasunez», adierazi du Gure Esku mugimenduak sare sozialetan. Jakinarazi dutenez, etapa bakoitzean makildun ikurrin banaketa eta material salmenta puntuak egongo dira.