Euskarari omenaldia egingo dio Alain Polo Maciasen Eguzkiloreak
Alain Polo Macias lazkaotarraren diseinuak jaso ditu bozka gehien. Maiatzaren 15a Euskaraldiaren hasierarako horma-irudia pintatuko dute.

Euskarari ikusgarritasuna emateko Euskaraldiagatik egingo duten horma-irudiaren diseinua aukeratu dute Beasaingo ikasleek. Hiru diseinuren artean aukeratu behar izan dute Andramendi ikastolako, La Salleko, Loinazpeko eta Txindoki ikastetxeetako DBHko eta Batxilergoko ikasleek. Bozka gehien jaso dituena, Alain Polo Macias lazkaotarraren Eguzkilorea izenburua duen diseinua izan da. Liburutegi ondoko paretan egingo dute, maiatzaren 15a baino lehen, Aittu! Euskara Elkartearen ekimenez, Beasaingo Udalaren babesarekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako fakultateko ikasleen laguntzarekin.
Aittu! Euskara elkartea «oso pozik» agertu da ekimenak izan duen erantzunarekin, eta bozketan parte hartu duten «den-denei eskerrak» eman nahi izan dizkie publikoki. Jakinarazi dutenez, 527 bozka eman dira, eta Eguzkiloreak 331 jaso ditu.
Diseinuaren esanahia
Alain Poloren Eguzkiloreak, «euskarari omenaldia egin nahi dio, eguzki-loreak bezala, argia, bizia eta babesa sinbolizatzen duen hizkuntza zaharrari». Diseinu honetan, esku batek ikurrinaren koloreak dituen lore hau «goxotasunez» eusten du. «Gure hizkuntza zaindu eta babesteko ardura kolektiboa irudikatuz». Eguzki-lorea, tradizioz, etxeko atarietan jarri izan da gaitzak uxatzeko, eta «itxaropenaren eta erresistentziaren ikur bihurtzen da» diseinuan. Giza eskuetan agertzeak adierazten du «euskararen etorkizuna gure eskuetan dagoela, eguneroko konpromisoan, denboraren erronken aurrean bizirik mantentzeko».
Lanaren testurak, «klarionaren edo pastelaren hauskortasun eta berotasunean inspiratuta, hizkuntzaren hurbiltasuna eta naturaltasuna azpimarratzen ditu, lurrean eta gure sustraietan errotuta». Era berean, «marra bakoitzak ondare kultural bakar hau babestearen garrantzia helarazi nahi du, gogoraziz, euskara ez dela soilik hizkuntza bat, gure identitatearekin eta gure tradizioen argiekin lotzen gaituen legatua baizik». Artelan bat baino gehiago, «hausnartzeko, baloratzeko eta ekiteko gonbita da, euskara gure bizitzetan eta gure herrian loratzen jarrai dezan».