AZKEN BI IGOERAK. Gaintza eta Lazkaomendi txirrindularien zain
Zarautz-Beasain Itzuliko hirugarren etaparen azken bi igoera pikoetan zale ugari biltzea espero da. Bideak egoki daude txirrindulariak hartzeko.

Bihar arratsaldean, 15:40 aldera, iritsiko da Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia Goierrira Mandubiatik barrena. Handik Ormaiztegi aldera egingo du, gero Segurara, eta Beasain eta Ordizia zeharkatuko ditu gero.
Zaldibia aldera joko dute txirrindulariek, eta 16:22 eta 16:40 artean hasiko dira Gaintza igotzen Zaldibiako Arruegi auzoko baserri bidetik. 2,2 kilometroko igoera da, eta 266ko desnibela igoko dute tarte horretan. Batezbesteko aldapa %12,1ekoa da, eta gehienezko aldapa %20koa 100 metroko tarte batean.
Gaintzara igota, Abaltzisketa aldera egingo dute ziklistek, eta Amezketa, Alegia, Ikaztegieta, Legorreta, Itsasondo, Arama eta Ordizia igarota, atzera Zaldibiara iritsiko dira saihesbidetik. Lazkaomendiko igoerari 17:08 eta 17:31 artean ekingo diote, Beasaingo helmugarako zazpi kilometroren faltan. 1,4 kilometro aldapa da, eta 140 metroko desnibela du. Batezbesteko aldapa %10ekoa da, eta gehienezko aldapa %18koa 100 metroko tarte batean.
Bideak eta bide bazterrak egoki daude txirrindulariak eta bi maldetan bilduko diren ehunka zale hartzeko.

Gaintzako eta Lazkaomendiko igoeren profilak.

























