Gaztañaditxulo eta Baztarrikarentzat dominak 'Salon Gourmets' lehiaketan
Idiazabalgo Ander Barandiaranentzat izan da urrezko domina ardi esne gordinez egindako gaztaren atalean eta Gabiriako Baztarrikak hirugarren postua lortu du atal berean.

Idiazabalgo Gaztañaditxuloko Ander Barandiaranek ardi esne gordinez egindako gazta erdi-onduaren sailean urrezko domina irabazi du Madrilen ospatu den Salon Gourmets nazioarteko elikadura eta edari feriako gazta lehiaketan. Gabiriako Baztarrikak ere —Eli Elgarresta eta Asier Osinalde senar-emazteak— jaso dute saririk, sail berean, brontzezko domina izan baita beraientzat. Zilarrezko domina, berriz, Cuencako (Espainia) Quesos artesanos Villarejok irabazi du.
Azoka atzo ireki zuten Ifema erakustazokan eta bihar arte egongo da zabalik.