Mugi txartelaren bertsio birtualaren proba pilotua Goierrin egingo dute
Maiatzean hasita egingo dute proba, lurralde osara hedatu aurretik. Mugi birtuala martxan jartzea Gipuzkoako garraio publikoaren modernizazioan «mugarri» izango dela azpimarratu du Azahara Dominguezek.

Mugi Gipuzkoako garraio txartelaren bertsio birtualarekin proba pilotuak egingo dituzte Goierrin maiatzean hasita. Zerbitzuaren emakida duen Bilman Bus enpresaren autobusetan egingo dira probak, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (GGLA) presidente eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek, astelehen honetan iragarri duenez.
«Gipuzkoak iraultza biziko du garraio publikoari dagokionez, Mugi birtualarekin. Sistema horri esker, gure lurraldeko garraio publikoko operadoreen erabiltzaileek bidaiak ordaindu ahal izango dituzte MUGI txartel fisikorik izan gabe», adierazi du Azahara Dominguezek.
Goierriko autobus zerbitzuan egingo duten proba hau baliagarria izango da ondoren sistema hori Gipuzkoako garraio sare publiko osoan ezartzeko emaitzak jaso eta hurrengo hilabeteetan.
Modernizazioan «mugarri»
Mugi birtuala martxan jartzea Gipuzkoako garraio publikoaren modernizazioan «mugarri» izango dela azpimarratu du Dominguezek. «Beharrezkoa da modernizatzea eta teknologia berriak eguneratzea, garraio publikoa erabiltzearen esperientzia erabiltzailearentzat gero eta erosoagoa izan dadin», adierazi du.
Gaineratu duenez, «Mugi birtualari esker, autobusetan sartzeko txartel fisikorik behar ez izateaz gain, erabiltzaile bakoitzak bere kontuari buruzko informazio guztia izango du denbora errealean». Domingez diputatuak baieztatu duenez, «gure ustez, Mugi birtualak eta datozen hilabeteetan ezarriko diren gainerako neurriak martxan jartzeak, hala nola, Bat eta Barik enpresen elkarreragingarritasunak edo kreditu-txartel bidez ordaintzeko aukerak, Gipuzkoan garraio publikoaren erabilera are gehiago sendotzeko baliagarria izango da».
GGLAko presidenteak azaldu duenez, Mugi sistemaren birtualizazioak «are askatasun handiagoa» ekarriko die garraio publiko honen erabiltzaileei, eta «sisteman alta eman ahal izango dute edo aplikazio mugikorraren edo webgunearen bidez migratu ahal izango dute».
Mugi birtuala duten pertsonek online kontu bat izango dute, eta bertan informazio guztia denbora errealean ikusi ahal izango dute, karga automatikoak programatu ahal izango dituzte horietan gehiago pentsatu behar ez izateko, garraio publikoko operadoreetara sartzean identifikatuko diren euskarriak kudeatu ahal izango dituzte edota familia osoaren Mugi txartel birtualak eraginkortasunez gainbegiratu eta kudeatu ahal izango dituzte.
Hala ere, Azahara Dominguezek gogorarazi du nahi duten pertsonek Mugi txartel fisikoa erabiltzen jarraitu ahal izango dutela, gaur egun egiten den bezala.