Prozesioaren inguruko lanketaren emaitza aurkeztuko dute jendaurrean
Bi urteko ikerketa eta dokumentazio lanaren emaitza da. Botikaxaharren izango da aurkezpena, ostiralean, 18:30ean. Segurako prozesioaren izaera propioa azpimarratu dute, besteren artean.

Segurako Udalak Segurako Aste Santuko prozesioen azterlan, dokumentazio eta balorazio kulturala izeneko proiektuaren emaitza aurkeztuko die ostiral honetan segurarrei, Botikaxaharren 18:30etik aurrera egingo den ekitaldian. Azterketa lana Labrit Multimedia enpresak egin du eta proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailaren diru laguntza jaso du.
Segurako prozesioa Aste Santuari lotutako «kultur adierazpen garrantzitsuenetarikoa da Gipuzkoan», Hondarribikoarekin eta Azkoitikoarekin batera. Seguran gaur egun ere indarrean dirauen tradizioa izan arren, kezka batetik abiatuta hasi ziren 2023an proiektu hau lantzen. Udaletik adierazi dutenez, orain bi urte komunitateak laguntza eskatu zion udalari antolakuntzan zegoen errelebo faltak arduratuta. Nolabaiteko «kalteberatasuna» adierazten zuten elementuak identifikatu eta gero, lan taldea berritu zuten eta antolaketa eredu berri bat martxan jarri. Era berean, Aste Santuaren ondare immateriala jasota gera zedin udalak diru laguntza eskatu zuen Eusko Jaurlaritzan. «29.526 euroko kostua izan du proiektuak eta %100 diruz lagundua izan da», adierazi dute udaletik.
Bi fasetan
Proiektuak bi fase ezberdin izan ditu. Batetik, 2023an Segurako prozesioa bera ahalik eta zehaztapen gehienarekin dokumentatzea lehenetsi zen. Auzolanean fokua jarrita, ikus-entzunezko batean jaso zuten landutakoa eta urte berean egin zuten aurkezpena herritarren artean.
2024an lanketa sakonagoa burutu zuten. Aurreko fasean hasitako material bilketarekin jarraituz, Segurako Aste Santuari lotutako «lekukotasunen erregistro audiobisuala» jaso zuten prozesioaren talde dinamizatzailearekin elkarlanean. Emaitza bi euskarritan emango dute ezagutzera: prozesioaren ikerketa antropologikoan oinarritutako lanketa, batetik; eta sei ikus-entzunezko pilulen ekoizpena, bestetik.
Izaera propioa
Lanketa honekin, prozesioez gain, tradizio honen baitako beste hainbat esparru ere bistaratu nahi izan dituzte proiektuan. Labriteko Julio Cesar del Vallek adierazi duenez, «ehunka urte dituen tradizio bat da, gizartearekin batera eboluzionatuz joan dena eta mantendu egin dena. Baina guztiaren gainetik, segurarren artean izaera identitario bat pizten du, zerbaiten parte izatearen sentimendua, alegia». Era berean, Segurako prozesioak duen berezko izaerari ere azpimarra egin diote lanketan