Saharako haurrentzat material bilketa egingo dute Ataunen
Torto Gazte Asanbladak XVII. Gazte buruaren barruan antolaturiko ekimena da. 18:00etan ekingo diote bilketari.

Torto Gazte Asanbladak antolatuta, aurreko astean eman zioten hasiera XVII. Gazte buruari, eta asteburuan jarraituko dute ospakizunarekin. Ostiralean, Hamada dokumentalaren proiekzioa izango dute gaztetxean, 21:30ean, eta larunbatean, berriz, arratsaldeko 18:00etan hasita, grafiti tailerra eta mural margoketa izango dituzte Kalustran. Horrez gain, Saharako haurrentzat material bilketa bat ere egingo dute, eta gaiarekin loturiko mahai ingurua izango dute ostean, zenbait gonbidaturekin batera: Shifa elkartea, Garazi Hach eta Kristina Berasain.
Asanbladako kideen ustez, bereziki «garrantzitsua» da gazte jendeen artean Saharako gatazka lantzea eta asanbladak burutzen dituen ekintzekin «herriko gazteek gai honen inguruan hitz egin, kontzientzia hartu eta sozializatu» dezaten nahi dute.
Beharrezko materiala
Higienerako beharrezko materiala bilduko dute larunbateko bilketan: toallak, txankletak, dutxako gela, xanpua, orraziak, hortzetako eskuilak eta pasta, krema hidratatzailea, eguzkitarako krema eta aftersun, desodorantea, ileko gomak eta zintak… Bertaratzeko eta parte hartzeko deia luzatu du Ataungo Gazte Asanbladak.