Erroetara bueltan
Diego Aldasorok ‘Arripausueta’ erakusketa irekiko du ostiralean, Zerainen. Soriakoa izanik, bere euskal erroen bilaketatik sortutako lana da.

Arripausueta bere euskal erroetara itzultzeko aitzakia bat izan da Diego Aldasororentzat (Soria, 1975). Zazpi urteetako lanketa baten ostean, Arripausueta izeneko erakusketa sortu zuen, iazko udan Sorian ikusgai izan zena. Ostiraletik ekainaren 6ra bitartean, Zeraingo kultur etxean egongo da ikusgai OA kultur elkarteak antolatutako udaberri kulturalaren baitan. Zeraingo turismo bulegoak ere parte hartu du antolaketan eta erakusketak iraun bitartean, herritarrei ez ezik, kanpotik datozen bisitariei ere ikusteko aukera eskainiko diete. Irekiera ekitaldia ostiralean da, 19:00etan, egilea bertan izango delarik.
Arripausueta ez da ausaz aukeratutako izen soil bat. Aldasoro eta haren familia gehiena Soriakoak badira ere, aitona —Asensio Aldasoro— arabarra zuen, «Aramaioko Oletako Arripausueta izeneko baserrikoa», kontatu du. Baserriaren jatorrizko izena da Arripausueta, gaur egun Arripozueta bezala ezagutzen bada ere. Bihar Zerainen ikusgai jarriko duten erakusketa «6 edo 7 urteko» ikerketa lanaren emaitza da.
Aramaioko baserria da ikerketaren abiapuntua, «aitzakia bat ingurua ezagutzeko aukera eman didana, Anboto eta Mariren kobazuloa —Arripausueta Anbotoren magalean kokatuta dago—, euskal mitologia…». Geroago mugimendu historikoekin zerikusia zuten gaietan hasi zen haztaka, eta hala iritsi zen Arripausuetako sendia jatorriz «Zaldibia eta Beasaingoa» zela jakitera. Museo, liburutegi eta hainbat artxibo —elizbarrutietakoa, Aranzadi zientzia elkartekoa— aztertu ditu urtetan, eta hala eman zuen Zeraingo Aldaxoro baserriarekin: «Euskaltzaindian esan zidatenez Euskal Herrian, gaur egun, Aldasoro izeneko bi baserri daude, Zerainen bat eta Soraluzen bestea».
Zeraingo Aldaxoro
Aldaxoro baserria izan da, bada, erakusketa Zerainen jartzeko aitzakietako bat. Hala, orain urte batzuk izan zen Zerainen baserria ezagutzeko aitzakiarekin. «Nire familiarekin lotura zuzenik bazuen jakin nahi nuen, edo lotura sinbolikoa baino ez den. Zeraingo baserriak nire familiarekin nolabaiteko lotura izan dezakeela uste dut, Zaldibiatik eta Beasaindik gatozenez, gertutasunagatik hangoak izatea litekeena da», zehaztu du. OA elkarteko Aloña Elortza Zeberiok esan duenez Aldasoro bera jarri zen harremanetan beraiekin udazkenean, eta «erakusketa Udaberriko Kulturaldiaren barruan egitea egoki ikusi genuen», esan du. Udaberriko Kulturaldia maiatzean zehar egingo dute Zerainen baina erakusketa aurreratzea erabaki zuten, «Aste Santuak tarteko».
Zeraingo erakusketa Soriakoren moldaketa bat izango da, espazio faltagatik egokitu behar izango baitu. Jatorrizko erakusketa 8 panelez osatuta zegoen eta Zeraingoan hiru nabarmenduko ditu. Aldasoro abizenaren konstelazioari dagokiona bat: «Gipuzkoako mapan kokatu ditut puntuz adierazita, Aldasoro abizenak dauden herri eta hiri guztiak», kontatu du egileak. Bere familiaren zuhaitz genealogikoari dagokiona, bigarrena: «Birraitona eta birramonagandik hasita bospasei belaunalditan egin dut atzera»; eta paisaiei buruzko eta erakusketaren izenari erreferentzia egiten dioten hainbat argazki eta irudi ere erakutsiko ditu «sustraiak, aztarnak eta sinboloak» azpitaldetan antolatuta.
Perurena lokailu
Soriako erakusketaren amaiera ekitaldian, Iñaki Perurenak parte hartu zuen Harria bidelagun bakarrizketarekin eta erakusketari buruzko katalogo batzuk eraman zituen berarekin. Kasualitateak kasualitate, aste bete beranduago zeraindarrak Perurenaren Peru-Harri museora bisita egin zuten; «ordurako bageunden harremanetan eta erakusketa egingo zela ere erabakita zegoen, baina nire erakusketaren katalogoa jaso zuten han. Katalogoa ikusita, erakusketa nolako izan zitekeen ideia bat egin zuten», kontatu du Aldasorok.
Gaur egun, Aldasoro Bilbon (Bizkaia) bizi da baina Zeraingoa izango da Euskal Herrian egingo duen lehendabiziko erakusketa. «Eskertuta» dago zeraindarrei aukera emateagatik eta hau erakusleiho bat izatea nahi luke «beste leku batzuetan ere erakusketa ikusgai jartzeko, Aramaion, adibidez». Ostiralean, erakusketari buruzko azalpen laburra egingo du irekiera ekitaldian eta ekainaren 6an, itxieran, bere ikerketa prozesuari buruzko hitzaldi sakonago bat eskainiko du.
- Diego Aldasoro Sorian egindako erakusketan.
- Soriako erakusketako panel bat.
- Soriako erakusketako panel bat.
- Soriako erakusketako panel bat.
- Soriako erakusketako panel bat.
- Soriako erakusketa.
- Soriako erakusketako panel bat.
- Soriako erakusketa.
- Zeraingo paisaia, erakusketan ikusgai egongo dena.