Garaipena itzuli diote, poza ez
Alex Aranburuk garaipen bikaina lortu du Beasainen. Epaileek garaipena kendu diote Zaldizurretako biribilgunea eskuinetik hartu duelako, eta alegazioa jarri ondoren itzuli egin diote. Bingen Fernandez Cofidiseko zuzendariak gogor hitz egin du epaileen aurka. Maximiliam Schachmann-ek jarraitzen du lider.

Ametsetik amesgaiztora eta amesgaiztotik haserrera. Alex Aranburuk (Cofidis) ametsetako garaipena lortu du gaur Beasainen: etxeko lasterketan, etxe ondoan, etapa zoragarria egin ondoren, eguraldi bikaina lagun, ehunka zaleren txalo artean… Ondoren, bere bizitzako albiste txarrenetako bat eman diote: epaileek etapa kendu diote, azken kilometroan zegoen Zaldizurretako errotonda eskubiko aldetik hartu duelako. Taldeei ematen dieten liburuan ez zuen errotonda ezkerretik hartu behar zenik jartzen. Epaileek garaipena kendu diote, ordea, eta bigarrenari eman: Groupama taldeko Romain Gregoire frantziarrari. Gregoire podiumera igo da, saria eta loreak eman dizkiote… eta handik ia bi ordura berari ere garaipena kendu diote eta Aranbururi itzuli.
«Jaitsierak eta igoerak ondo ezagutzeak asko egiten du eta jende asko zegoen animatzen. Oso pozik nago. Ametsetako garaipena izan da»
Alex Aranburu. Cofidiseko taldeko txirrindularia
Eguna zoragarria izan da epaileek protagonista izatea erabaki duten arte. Oso etapa borrokatua izan da eta, eguraldi bikaina lagun, ibilbidean milaka ikusle elkartu dira. Kilometro baten faltan Aranburuk erasoa jo du eta helmugara heltzea lortu du. «Banekien zaila izango zela, baina oso ondo joan gara egun guztian eta taldeak sekulako lana egin du. Jaitsierak eta igoerak ondo ezagutzeak asko egiten du eta jende asko zegoen animatzen. Oso pozik nago. Ametsetako garaipena izan da», esan du helmugara heldu berritan.
Cofidiseko zuzendariaren hitzak
Ez da zaila ezkiotarrak epaileen erabakia nola hartu duen asmatzea. Haren zuzendariak, Bingen Fernandezek, ETBrentzat hitz egin du talde osoaren izenean. «Errotonda ezkerretik edo eskuinetik hartu, berdin irabaziko luke. Erraz iritsi da. Zertarako egin dute hau? Bera izan da indartsuena. Berea de etapa».
Cofidis taldekoek lasterketako epaileekin hitz egin dute eta alegazioa aurkeztu dute, noski. «Berotu egin gara. Ez dago erabaki hori hartzeko arrazoirik. Alexek gauzak ondo egin ditu. Epaileek berak irabazi duela esatea nahi dugu. Garaipena ospatu nahi dugu. Baina festa guztiz hondatu digute. Alex haserretu egin da. Honek ez du ez hankarik eta ez bururik. Hemendik aurrera, errepide liburuak ez du ezertarako balio. Garaipena itzultzen badiote ere, ez du balio bera. Podiumera igo behar zen, etxean. Bihar, irabazi duela esaten badiote, paperean bakarrik balioko du».
«Berotu egin gara. Ez dago erabaki hori hartzeko arrazoirik. Alexek gauzak ondo egin ditu. Epaileek berak irabazi duela esatea nahi dugu. Garaipena ospatu nahi dugu. Baina festa guztiz hondatu digute. Alex haserretu egin da. Honek ez du ez hankarik eta ez bururik»
Bingen Fernandez. Cofidis taldeko zuzendaria
Ez zuen gelditzen diren hiru etapez hitz egiteko gogorik. «Oso haserre gaude. Ilusioa galdu dugu. Ze ilusiorekin aterako gara bihar? Buelta ematen ahaleginduko gara, baina oso gogorra da». Azkenean, garaipena berreskuratu dute, baina Alex helmugara heldu denean sentitu zuten poza ez. Ilusioa berreskuratzeko ahalegina egin beharko dute.
Alex Aranbururen familiaren erreakzioa Itzualiako etapa irabazi duela jakiterakoan:
— Gure bideoak (@GureBideoak) April 9, 2025
pic.twitter.com/J8acFkVMZ3















































































