Imanol Pradales lehendakaria CAFen bisitan
Imanol Pradales lehendakaria eta Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Ingurumen sailburua Beasainen izan dira gaur goizean, CAFeko instalazioak bisitatzen.

Imanol Pradales lehendakaria eta Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Ingurumen sailburua Beasainen izan dira gaur goizean, CAFeko instalazioak bisitatzen. Pradalesek CAFek “Euskadiko industria-sarean duen trakzio-papera eta Euskadiren garapen ekonomiko, teknologiko eta sozialari egiten dion ekarpena” nabarmendu ditu: “CAFen ibilbidea herri gisa lor dezakegunaren adibide bat da, lankidetzatik, iraunkortasunetik eta ondo egindako lanetik abiatuta”, esan du.
Lehendakariak “enpresak zailtasun-uneak gainditzeko duen gaitasuna” nabarmendu du, hala nola “80ko hamarkadan, enpresak bere zuzendaritzaren, langileen eta euskal finantza-erakundeen konpromiso bateratuari esker egonkortzea lortu zuenean. Garai zalantzagarrienetan ere, aukerak daude. Horiek ezagutzen eta aprobetxatzen jakitea da gakoa “.
Era berean, CAFek “hazkundearen, talentuaren kudeaketaren eta lurralde-sustraitzearen alde egindako apustu irmoa” goraipatu du, eta azpimarratu du “harrobia zaintzea funtsezkoa dela etorkizun sendoa ziurtatzeko”.
Jaurlaritzaren konpromisoa
Eusko Jaurlaritzak herrialdeko industria, teknologia eta enpresa sektorea bultzatzeko duen konpromisoa berretsi nahi izan du Beasainen. “Eusko Jaurlaritza beharrezko tresna guztiak aktibatzen ari da, hala nola Euskal Finantza Aliantza edo Finkatuz funtsa, gure ekonomia indartzeko eta kalitatezko enplegua bermatzeko”.
Ildo horretan, Pradalesek iragarri du hilabete honetan bertan bidaliko zaiola Eusko Legebiltzarrari “Finantzen Euskal Institutua 1.000 milioi euroz hornitzeko lege-proiektua, sektore estrategikoak eta eraldatzaileak laguntzeko”.
Premiazko bilera
Industria Defendatzeko Taldeak gaur arratsaldean Arabako Teknologia Parkean egingo duen bileraren garrantzia ere nabarmendu du. Donald Trump AEBko presidenteak bultzatutako muga-zergen politika berriak zuzenean eragiten dien enpresekin premiazko bilera deitu du Lehendakariak hiru helbururekin: “Muga-zergen errealitate berriari buruzko diagnostikoa partekatzea eta eragindako sektoreen jarraipena egitea; enpresei laguntzeko dauden tresnak, baliabideak eta politikak identifikatzea; eta testuinguru global berriaren aurrean euskal industriaren gaitasunak eta aukerak indartzea”.
Azkenik, “nazioarteko testuinguru konplexua” izan arren, “Euskadik Europaren eraldaketa ekonomikoa eta teknologikoa gidatzeko indar argiak” dituela ziurtatu du: “Etorkizuna jokoan dago eta, gure historiak erakusten digun bezala, asmatzea gure esku dago”.

Imanol Pradales Beasaingo CAFen izan da gaur goizean.