KRONIKA. Dendaletxetik Biandara txirrindu zaleen tropelean
Goiztiarrenek eguna argitzearekin bat hartu dute tokia Lazkaomendin, eta bazkal garairako Zaldibian ez zegoen itxuraz aparkatzeko tokirik. Han bildu da jende gehien bi igoerak ikusteko, gain batetik bestera joateko aukera baitzegoen.

Atzo aldarrikapen politikoko pintaketa bat edo beste bai errepideetan, baina artean normaltasuna zen nagusi Gaintzako eta Lazkaomendiko igoeretan. Hori bai, igande goiza talde batek baino gehiagok baliatu zuen bi aldapak ezagutzeko, eta batez ere azken igoera erabakigarriko sarbide estua ezagutzeko Zaldibiako Olaa baserriaren ondoan. Baita txirrindu zaletu askok ere. Zarautz eta Beasain arteko etapa gertu zegoela sumatzen zen.
Bestelako zerbait sumatu da gaur goizean. Zaldibiako Miranda –Bianda, herri hizkeran– freskagarriak eta izozkiak saltzen zituen furgoneta bere tokian zegoen 09:00etarako, Okobio gainean pare bat autokarabana ere bai, Zaldibiak eta Lazkaok muga egiten duten tokian, eta Lazkaomendiko Lartxai elkartearen ondoan bigarren furgoneta bat. Eguerdian auto eta furgoneta gehiago, Ixurrene jatetxean jendea bazkaltzen, eta Gure Eskuk jarritako ikurrina erraldoi bat zelaian zabalduta. Zaldibiara jaitsi, eta autoa aparkatzeko komeriak.
Lehen pasaera Dendaletxe barrenean
Bideogile beteranoarekin kafea hartu, bigarren igoeran lana nola egin aztertu, eta Gaintzako igoerara. Dendaletxetik gorako bidea deitzen zaio Zaldibian igoerari, aldaparen erdi parean dagoen baserri multzotik izena hartuta. Zubi-Ondo taberna zenetik Arruegi auzorako bidea hartu, eta 500 metroan iristen da igoeraren hasierara. Jendea bai, akaso ez uste bezainbeste, eta bizikletan igotzera ausartu direnak ere mordoxka bat. Tropela zatituta iritsi da, eta Alex Aranburu aurre antzean. Ion Izagirre eta Xabier Isasa dezentez atzerago, ezertarako aukerarik gabe.
Beheranzko bideari ekin, eta atzera Zaldibiara iristear, orduantxe pasatu da azkena. Txirrinduzale tropela dator errepidean, Lazkaomendiko igoera ikusi nahian, oinez, bizi-bizi. Batzuk bizikletan, ziztuan horiek ere. Lankidearen arrastorik ez. Hura igoeraren hasierara joatekotan zen, eta lerro hauek idazten ari dena Biandako aldaparen bukaerara.
Biandako eskaileretatik prozesioan
Aste Santua gertu dago, baina atzokoan bestelako prozesio bat izan zen Zaldibian. Zubiaurre kale-baserriaren ondotik abiatzen den oinezko bidetik Biandara igotzeko zidorra aukeratu dute zale askok eta askok. Ehunka eskailera igo, eta baserriaren ingurua jendez lepo. Nola edo hala argazkiak ateratzeko lekua hartu, eta zain, ea bigarrengoz txirrindulariak noiz ikusiko.
Helikopteroaren hotsa sumatzen da, zaleak grinatsu, eta urrutian Ñañarri guztiei begira. Pasa dira lehenengoak –Aranburu tartean–, eta banaka, binaka, multzoka eta tropelean gainontzekoak. Denak sakelakoei begira, baina estaldurak eskas. Zabaldu da berria, Ezkioko mutila garaile Beasaingo helmugan. «Ederra egin dik!», gure artean. Beherantz abiatu, eta 17:45ean pasatu da azkena. Lana ez da bukatu, argazkiak deskargatu eta kronika idaztea falta. Eta hara non esaten duen telefonoak Aranburu kanporatu egin dutela. Eta azkenean? Bai.