Ataungo arkeologia ezagutzeko erakusketa, Barandiaran Museoan
Bertako aurkikuntza esanguratsuenak daude ikusgai. Erakusketarekin batera, ekintza ugari antolatu dituzte zenbait eragilek elkarlanean.

Ataungo arkeologiaren inguruko erakusketa berri bat inauguratu zuten atzo Barandiaran Museoan. Joxemiel Barandiaranek gidatutako aurreneko indusketetatik hasi eta gaur arte Ataungo aztarnategietan aurkitu diren pieza arkeologiko esanguratsuenak ikusteko aukera egongo da atzotik hasi eta ekainaren 29ra arte; besteak beste, Usategiko azagaia eta denario iberikoak, Jentilbaratzako eraztunaren erreplika, Allekoaitzeko lehoinabarraren garezurra eta beste pieza ugari aurkitu daitezke. Erakusketa asteazkenetik igandera bitarte egongo da ikusgai, 10:00etatik 14:00etara.
Bisitak eta solasaldiak
Erakusketarekin batera, hainbat jarduera antolatu dituzte Ataungo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Aranzadik, Parketxe Sareak, Gordailuak, Ataunikerrek eta Barandiaran Fundazioak.
Inauguraziotik hiru egunera emango diote hasiera eskaintza zabalari: larunbatean, eguerdiko 11:00etan hasita, Joxean Mujika EHUko arkeologoak bisita gidatuak eskainiko ditu. Aurreneko saioa gaztelaniaz izango da, eta jarraian emango zaio hasiera euskarazko ibilbideari, 12:00etan.
Maiatzaren 14an, 18:30ean, Ander Arrese Suhar arkeologia zentroko espezializatuak Ataungo Erdi Aroko aztarnategiei buruzko hitzaldia emango du; eta maiatzaren 30ean, 19.00etan, Ataungo ondarea ezagutzeko abentura baten historiaz, solasaldia egingo da zenbait aditurekin: Aranzadiko Paco Etxeberria, Felix Ugarte elkarteko Juan Jose Astigarraga, Gipuzkoako Mendi Federazioko Koldo Sansinenea eta Ataungo Mitxel Auzmendi zein Xabier Munduateren eskutik.
Hortik gutxira, ekainaren 5ean, Monty Phytonen Life of Brian filmaren inguruan eraikitako Zer zor diegu erromatarrei? hitzaldia izango da Mertxe Urteaga arkeologoaren eskutik, 18:30ean, Barandiaran museoan. Aurretik Erromatarren arrastoak oinen azpian dokumentala proiektatuko da. Ekainaren 8an, berriz, mendi irteera egingo da Ataungo ondarea ezagutzeko. Irteera San Martingo plazatik abiatuko da goizeko 09:00etan, Atauniker elkarteko kideek gidatuta.
Zikloari amaiera borobila emateko, azken ekintza bat izango da ekainaren 12an, 18:30ean: Trinidad Torres paleontologoak eta Aritza Villaluenga EHUko paleontologoak Troskaetako hartzak eta Ataungo faunaren bilakaera izeneko hitzaldia eskainiko dute museoan.
Izena emateko bideak
Ekintza guztietan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da. Horretarako, Barandiaran Museora dei daiteke (943 18 03 35 / 688 895 069) edo posta bidez harremanetan jarri: barandiaran@gipuzkoanatura.eus.