‘Borrero txiki bat’ nobela aurkeztu du Xabier Mendigurenek
Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibil baten semearen begietatik idatzi du euskal gatazkaz.

Xabier Mendiguren Elizegi euskal idazle eta editore beasaindarrak Borrero txiki bat nobela aurkeztu du Donostiako Elkar argitaletxearen egoitzan. Euskal gatazka «beste ikuspuntu batetik» islatu du lan berri honetan; Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibil baten semearen begietatik, hain zuzen ere.
Aintzane Muguruzak lagundu zion aurkezpenean. «2021ean hasi zen Mendiguren euskal gatazkaren inguruan idazten, Oso latza izan da liburuarekin. Bertan, Arregi ETAko kidearen torturen eta ondorengo heriotzaren inguruko kronika bat idatzi zuen, non aztertzen zuen garai hartan Euskal Herrian bizi zen giroa», kokatu zuen Muguruzak.
Bigarren liburu hau, nobela bat da, non Itxaurrondoko kuarteleko guardia zibil baten semearen bizitza kontatzen duen. «Bere bizitzaren garapena Donostian nola gertatzen den, zeintzuk diren bere sentimenduak, zeintzuk diren bere bizipenak eta hausnarketak…», horren guztiaren bueltan jarduten du idazle beasaindarrak. Muguruzaren hitzetan, «nobela honek aukera ematen dio Xabierri gaiaren inguruan beste ikuspuntu batetik begiratzeko».
Idazleak berak zehaztu zuenez, oraingo hau baina, «ez da kronika bat, pertsonaiak asmatuak dira», eta horrek aukera ematen dio, «beste sakontasun bat emateko». Edozein herritarrek sentituko lituzkeen sentimenduen inguruan hausnartu du. Hala hasi zen aletzen liburuak dakarrena.
Mendigurenek azaldu bezala, Oso latza izan da liburuak irekitako ildotik sortu zitzaion bigarren hau idazteko ideia. Hura atera eta gero, «antzeko gaiekin, gertakariekin eta protagonistekin gehiago ikertzen jarraitu» zuen. «Eta horretan ari nintzela, deskubritu nituen gertakari batzuk Guardia Zibilaren kuarteletan gertatzen zirenak». Hala ere, interes hori alde batera utzi zuen norekin hitz egin ez zeukalako, The zone of interest pelikula ikusi zuen arte. Auschwitz kontzentrazio-esparruko komandante baten familiaren ingurukoa da pelikula; «ez dut konparatu nahi, baina torturak ere laztura puntu bat badu», esan zuen Mendigurenek.