Errekorren urtea izan da 2024a AMPOrentzat
258 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz eta eskaera-zorro historikoa eskuratu du.

AMPOk prentsa ohar bidez adierazi duenez, errekor historikoen urtea izan zen iazkoa Idiazabalgo enpresarentzat. 2024An, bere historiako fakturazio maila handiena lortu du bigarren urtez jarraian, eta “258 milioi euroko zifra errekorrera” iritsi da, 2023Arekin alderatuta “%23 hazita”. Hala, AMPO “mundu mailan liderra da energiaren sektoreko aplikazio eta industria zorrotzenetarako balio teknologiko handiko balbulen eta sistemen diseinuan eta fabrikazioan; baita erabat mekanizatutako galdaketa osagaietan erreferente ere nazioartean”.
Kooperatibak beste errekor bat ere erregistratu zuen eskaeren kaptazioari dagokionean ere, eta ondorioz, “2025 osorako jarduera bermatzen duen eskaera zorroa du gaur egun”. Prentsa oharrean azpimarratu dutenez, bilakaera hori “merkatuak AMPOrengan duen konfiantzaren isla” da, baita “erronka zorrotzenei erantzuteko duen ahalmenarena” ere.
Ibon Imaz, AMPOko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “2024an AMPOren hazkundea gure bezeroen konfiantzaren, gure posizio dibertsifikatuaren eta berrikuntza eta garapenaren alde egin dugun apustuaren isla da, baita gure taldearen konpromisoarena ere. Prest gaude energiaren sektoreko erronkei aurre egiteko eta gero eta soluzio aurreratuagoak eta jasangarriagoak eskaintzeko”.
Datozen urteetarako plan estrategikoa
2025-2027 aldirako AMPOk plan estrategiko berri bat ere zehaztu du, gas natural likidotua (GNL) eta fintzea bezalako sektoreetan lidergoa sendotzen jarraitzeko. Aldi berean, meatzaritzan eta upstream-ean bere hazkundea bultzatuz jarraituko du, trantsizio energetikoan duen posizionamendua hobetzeaz gainera.
Idiazabalez gain, Indian, Saudi Arabian eta Kazakhstanen ditu produkzio zentroak eta 60 herrialde baino gehiagotan presentzia komertziala. AMPOk gaur egun, bere ekoizpen osoaren %95 esportatzen du bost kontinenteetara, Europatik kanpoko esportazioak %80tik gorakoak direlarik. Merkatu nagusien artean nabarmendu dituzte AEB, Txina, Japonia, Hego Korea, India, Ekialde Ertaina, Australia eta Europako herrialde gehienak. Bere bezero nagusien artean daude energiaren sektorean liderrak diren konpainiak ere: Exxon, Aramco, Qatar Energy, Bechtel, Hyundai eta Tecnicas Reunidas besteren artean.
2025erako Idiazabalen jatorria duen kooperatibak “285 milioi euroko fakturazioa gainditzea” aurreikusten du, urte osorako zorro osoa ziurtatzeko aukera eman dion eskaera kaptazio handiaren babesean.