Euskadi Plazako aparkalekua itxiko dute gaur, Lazkaoko festak igaro artean
Gaurtik aurrera aparkalekua itxita egongo da barrakak muntatzen hasteko. Aparkatuta dauden ibilgailuen jabeei autoak lehenbailehen bertatik kentzeko eskatu die Lazkaoko Udalak.

Euskadi Plazan San Prudentzio jaietarako barrakak muntatzen hasiko direla jakinarazi du Lazkaoko Udalak, eta, horrenbestez, aparkatuta dauden ibilgailuen jabeei 14:00ak baino lehen autoak bertatik kentzeko eskatu diete. Jaiek iraun artean, Euskadi Plazako aparkalekua itxita egongo dela adierazi du, “segurtasuna eta antolatutako ekintzen garapen egokia bermatzeko”.
Garraio berezia
Zentzu berean, Udalak nabarmendu du apirilaren 25, 26 eta 30ean garraio zerbitzu bereziak egongo direla, arratsalde-iluntzean, Ordiziatik abiatuta, Beasainen geldialdia eginez eta Ataunetik abiatuta. Horrez gain, Lazkaotik abiatuta ere joan-etorriak izango dira, aipatutako norabideetan, “jaietara bertaratzea errazteko”.