‘Garbitu aurpegia’ aurkeztuko dute gaur San Andres eskolako ikasleek

Arteria errizomak sustatuta, giza eskubideen inguruko lanketa egin dute San Andres herri eskolako LH 5. eta 6. mailako ikasleek azken asteetan. Garbitu aurpegia izeneko ikus-entzunezkoa da emaitza eta gaur, 18:00etan herritarrei aurkeztuko diete gizarte etxeko areto nagusian. Aurretik, 11:00etan ikasleei erakutsiko diete azken emaitza San Andres ikastetxean bertan.
Gidoia eta testuak ikasleek sortu dituzte eta aktore lanetan ere ibili dira Xabin Fernandez aktore, gidoilari eta aurkezlearen gidaritzapean. Grabaketa eta edizioa ON produkzioak-eko Iban Toledoren esku egon da. Herritar guztiak daude gaurko aurkezpenera gonbidatuta.