Gipuzkoako Biraren azken aurreko etapa egingo du Ameztik
Igandean egingo dute Hernani eta Oiartzun arteko egun osoko irteera, Epaipide izeneko ibilbidean zehar.

Zegamako Amezti mendi elkarteak Ugaldetxo eta Aritxulegi arteko ibilbidea egingo du igande honetan, Epaipide izenez ere ezaguna. Mendi elkartea 2017tik osatzen ari diren Gipuzkoako Biraren 14. etapa izango da, azken aurrekoa, alegia.
Egun osoko irteera izango da igandekoa, 20 kilometro luzeko etapa eta gutxi gora behera zazpi bat ordukoa. Hernaniko Ugaldetxon emango diote hasiera etapari eta Oiartzungo Aritxulegin amaituko da.
Epai hitzak esanahi asko ditu, horien artean mendi tontor eta mozketa. Mendi Ibilbide Luze (GR) honek izena bi horietatik hartzen du. Alde batetik mendi-zerra ugari gurutzatzen direlako eta, bestetik, Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko muga honetan hainbat herri-baso daudelako, nondik inguruko biztanleek etxerako egurra, epaitza mozten duten. Xendan zehar Aralar Natur Parkea, Leitzaran Biotopo Babestua eta Aiako Harria Natur Parkea gurutzatuko dituzte, Lizarrustitik Hondarribiraino. Nafarroaz gain, Iparraldetik ere igarotzen da ibilbidea.