Goierriko sei asanblada elkarlanean
Zaldibian eta Beasainen egingo da apirilaren 23an eta 24an Goierriko Gazte Asanbladen arteko III. Topaketa. Ataungo Tortok, Beasaingo Melmakek, Urretxu-Zumarragako Zugaztelekuk, eta Zaldibiako, Ordiziako eta Legorretako asanbladek antolatu dute bi eguneko egitaraua.

Aurreko edizioen arrakastaren ondotik, hirugarren aldia izango du Goierriko Gazte Asanbladen arteko topaketak. Aste Santuko oporraldia aprobetxatuta, apirilaren 23an eta 24an elkartuko dira Zaldibian eta Beasainen; sei asanbladaren (Ataun, Beasain, Urretxu-Zumarraga, Zaldibia, Ordizia eta Legorreta) arteko elkarlanaren emaitza izango dela adierazi dute Eneko Imaz eta Oneka Aiestaran Ataun eta Zaldibiako asanbladetako kideek.
Goierrin gaztetxeek eta gazte asanbladek «presentzia sendoa» izan arren, elkarren arteko «harreman falta» dagoela berretsi du Imazek: «Egunerokoan bakoitza bere herriko dinamiketan murgilduta dabil, eta askotan ez daukagu elkarren berri, eta ezta elkarrekin harremantzeko tarterik ere». Horri buelta emateko asmotan, Aiestaranek azaldu du «harremanak estutzeko, komunitatea indartzeko eta ideiak partekatzeko» espazio gisa baliatuko dutela aurtengo ekimena. Erantsi du, bi eguneko harremanaz eta elkarlanaz harago, «urte osora hedatu» nahi dutela: «Gutxika-gutxika agenda partekatuago bat sortu eta elkarrekin gero eta ekintza gehiago antolatu nahiko genituzke».
Zaldibian aurrenekoz
Aurreneko edizioan Legazpi eta Beasain izan zituzten topaleku; bigarrenean, Ordiziak Legazpiri lekukoa hartu eta eskualdeko gazteak Beasainen eta Ordizian elkartu ziren. Aurtengoan, eskaintzen duen «irisgarritasuna» dela eta, Beasain mantenduko badute ere, herri txiki batean «apustu» egitea erabaki dute, «errotuta dauden ohiturei buelta eman eta bultzadatxo bat emateko». Aiestaranek aitortu du haren herrian egiten diren ekintzak, maiz, herriarentzat eta herritarrentzat bideratuta egoten direla, eta beraz, aurtengo edizioa Zaldibian izateak «aukera handia» eskaintzen diela: «Eskualdeko gazte asko Zaldibian elkartzea eta elkarlanean egitarau hau aurrera eramatea oso aberasgarria da herriarentzat, ohiko jardunetik ateratzeko».
«Egunerokoan bakoitza bere herriko dinamiketan murgilduta dabil, eta askotan ez daukagu elkarren berri, eta ezta elkarrekin harremantzeko tarterik ere»
Eneko Imaz. Ataungo Torto Gazte Asanbladako kidea
Egitarau zabala
Bi eguneko egitaraua antolatu dute. Imazek adierazi du herrigunean zein gaztetxean izango direla ekintzak: «Ez dugu soilik gaztetxeetan zentratu nahi. Herrira gerturatu nahi dugu ospakizuna, gazteak errazago gerturatu daitezen».
Apirilaren 23an, arratsaldeko tailer sorta batekin emango diote hasiera egunari, eta mural-margoketa bat egingo dute segidan. Ondoren, «okupazioaz eta gazte langileontzako espazioen beharraz» jardungo dira plazan egingo duten hitzaldian. Ostera, gaualdean, afaria eta kontzertu akustikoa izango dituzte. Bigarren egunean, goizean goizetik ibiliko dira herrian zehar: «Herri arteko olinpiadak antolatu ditugu; goizean kanporaketak jokatuko dira eta finalari tartea egingo zaio arratsaldean, pala eta pilota ikuskizunarekin batera». Hori baino lehenago, bazkaria eta hitzartzea ere egingo dutela gehitu du Imazek. Egunari amaiera borobila emateko, gaztetxean jarraituko dute festa.
«Eskualdeko gazte asko Zaldibian elkartzea eta elkarlanean egitarau hau aurrera eramatea oso aberasgarria da herriarentzat, ohiko jardunetik ateratzeko»
Oneka Aiestaran. Zaldibiako Gazte Asanbladako kidea
Sei gaztetxeen artean antolatutako egitaraua izan dela azpimarratu du Aiestaranek: «Indar berezia egin da aurtengoan Goierriko asanbladetara gonbidapena luzatzeko; eta are indar handiagoa jarri dugu egitaraua elkarlanean osatzeko». Gaineratu duenez, asanbladen arteko «koordinazio-mahai» baten bidez antolatu dira, asanblada bakoitzeko ordezkariekin. Hala, asanblada bakoitzak egindako proposamenei forma ematen ahalegindu dira. «Asanbladetako gazteek elkarlanean egitaraua antolatuta, errazagoa da gerora gazteak mugitzea», nabarmendu du Imazek. Ekitaldiak irekiak izango dira, eta edozeinek hartu dezake parte.
Bonuak salgai
Topaketarako bonu desberdinak jarri dituzte salgai. Batetik, topaketetako bonu orokorra dago, 10 euroan. «Lehen eguneko afaria, bigarreneko bazkaria eta ekimen guztietara sarbidea bermatuko ditu». Dena den, ostegunerako bakarrik erabilgarria den bonua ere egongo da 8 euroan (bazkaria, ikuskizunak eta kontzertuak). Asanbladetako kideen bidez edo Zaldibiako Beti Gazten, Beasaingo Xuber eta Astin, Legorretako Olason eta Ordiziako Kirkilen eskura daitezke.