Jon Maiaren ‘Kantu berri bat gara’ ikuskizuna maiatzaren 10ean, Zegaman
Eskolako patioan izango da, 22:00etan. Sarrerak dagoeneko salgai daude udaletxean.

Jon Maiak 2021ean atera zuen Kantu bat gara, letragile modura azken 30 urteetan idatzitako kantuen antologia. Lan honek izandako arrakastaren bulkadarekin, bi urteren ondoren, bertsolari urretxuarrak lan berri bat ondu du: Kantu berri bat gara liburu-diskoa.
Lan honetan, Maiak jauzi bat egin du eta kantu berriak dira nagusi, bertsio batzuk badaude ere (Negu Gorriak, Gozategi, Gari eta Pello Reparazen kantuak). Honetarako, aurreko lanean bezala goi mailako kolaboratzaileak izan ditu lagun, esaterako: Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Maddalen Arzallus eta Luis Pastor. Baina bat nabarmendu behar bada, Silvio Rodriguez kantautore kubatarraren parte hartzea da, ‘Nostalgia’ izeneko kantua euskaraz abestuz.
Esan bezala, Maiak geldialdia egingo du Zegaman datorren maiatzaren 10ean Kantu berri bat gara ikuskizuna bertan eskaintzeko. Eskolako patioan izango da agerkaria, 22:00etatik aurrera. Sarrerak dagoeneko salgai daude Zegamako udaletxean.