Lazkaoko festak ate-joka dira
Apirilaren 25ean hasiko dira ofizialki San Prudentzio jaiak, eta horien prestaketetan murgildu dira dagoeneko lazkaotarrak. Ohiko osagaiez zein ekintza berriez betetako egitaraua izango da.

Lazkaotarrak hasiak dira plazako agertokia atontzen, haurrentzako barrakak muntatzeko aparkalekua libratzen, tabernak edari hornikuntzak biltegiratzen… Atzera kontaketa luze baten ondoren, heltzear da lazkaotarren urteko asterik gogokoena; Udalaren festa batzordeak zein Lazkaoko txoznek dagoeneko osatu dute egitaraua, eta programa osoa aurkeztu dute.
Apirilaren 25ean emango zaie hasiera San Prudentzio jaiei eta maiatzaren lehenerarte iraungo du jai giroak. Sei eguneko eskaintza kultural zabala antolatu dute, urteroko osagaiei euren kutsua emanda: mozorro eguna, kuadrila eguna… Aurtengoan, Lazkaoko Gazte Asanbladak botako du jai hasierako txupinazoa, udaletxeko balkoitik pregoia eginda.
Musika eta kultura
Lazkaoko Festak gero eta gehiago dira herritarren eta goierritarren topagune, eta aurten ere ez da gutxiagorako izango. Musika, dantza eta kultur eskaintza zabalaz beteta dator aurtengo edizioa, herriko kaleak kolorez janzteko. Gustu eta adin guztietarako ekitaldiak prestatu dituzte, tokiko eta kanpoko taldeen parte-hartzearekin: Udalak plazaratutako egitarauean, Bide Batez, Lowe Band, Xaibor, Akerbeltz, Süne, Muxutruk eta Oihan Vega taldeek joko dute; eta txosnagunean, berriz, Mugan, Anker, Nafarroa 1512, Fitoskins, La Txama, Skaregekasko eta Oihana Begana izango dira.
Horrez gain, aurtengoan ere ez dira faltako Lazkaoko Musika Banda, Jundajo txaranga, Kantaka abesbatzak, Suthai batukada eta Lazkaoko Erraldoi eta Buruhandi Konpartsak, eta txosnagunea ere, zenbait DJek alaituko dute gaueko jai giroan: Mikerinos, Gorriontxu eta Laztana…
Kirolak
Kirol arloa ere ekimenez lepo izango da aurtengoan, eta ohiko erakustaldiei jarraiki, honako ekintzak izango dira: VII. Bikote Kros Lasterketa, pelotan manomanista lehiaketa finala, LAPKE elkartearen pelota erakustaldiak, herri kirolak eta Lazkaoko LXXVII. Txirrindularitza Froga. San Prudentzio Igeriketa Saria, toka eta dantza solteko txapelketak, eta ibilaldi neurtua ere izango dira.
Haurrentzako ekintzak
Etxeko txikienek ere izango dute, ohi bezala, festez gozatzeko aukera, besteen artean, Tor eta Txoborro magoen, Dj Kaktusen, Play Backen, Marieta Zirkusen, Mugitu Zaitez-en eta Kiki eta Koko pailazoen ikuskizunekin. Gainera, Umeen Eguna apirilaren 29an ospatuko da, goizez eta arratsaldez haurrentzako parkea izango dute, baita bazkari herrikoia, jolasak eta Play Back ikuskizuna ere.
Ohiko osagaiak
Beste urteetan ere egin izan diren ekitaldiak barreiatu dituzte festa egunetan zehar. Txosnagunean, esaterako, presoen aldeko ohiko elkarretaratzea egingo dute ostiralean, apirilak 25, txoznako txupinazoaren ondotik; mozorro eguneko gazte bazkaria ere egingo dute, eta dagoeneko tiketak salgai daude Herriko, Malantza, Zelata eta Giroa tabernetan; hori gutxi ez eta beste urte batez ekingo diote patata tortila lehiaketari, astelehenean, ondorena bertsopoteo batez giroturik.
Berrikuntza bat ere badute herriko gazteek aurtengo ediziorako: lehen aldiz, mojitada egingo dute apirilaren 29an, asteartea.
Garraio berezia
Apirilaren 25, 26 eta 30ean garraio zerbitzu bereziak egongo direla jakinarazi du udalak, arratsalde-iluntzean Ordiziatik abiatuta, Beasainen geldialdia eginez eta Ataundik abiatuta. Horrez gain, Lazkaotik abiatuta joan-etorriak izango dira, aipatutako norabideetan, “jaietara bertaratzeko errazteko”.

Lazkaoko San Prudentzio jaien eta Lazkaomendiko festen aurkezpeneko irudia.Lazkaoko Udala