Zumarragako EH Bilduk "gehiegizko triunfalismoa" eta "gardentasun eza" leporatu dio PSE-EErija Arcelorreko egitasmo berrian
Astelehenean, jaurlaritzak, aldundiak eta udalak Arcelor zegoen tokian Metal 78 enpresak autoetako katalitzatzaileak birziklatzeko lantegi bat ireki behar duela iragarri zuten. Zumarragako EH Bilduk egitasmo horren eta prozesuaren inguruko iritzia eman du prentsa ohar baten bidez. Horra hor prentsa oharraren edukia.
“Uste dugu lehendabizi Bidasoa Metal 78 birziklapen enpresaren etorreraren aurrean kokapen bat egin beharra dagoela. Izan ere, gogorarazi nahi dugu Plastic Energy errauskailua inplantatu ez izana, Zumarragan egin genuen ahalegin kolektiboaren ondorioz izan zela eta lan horrek sortu zituela baldintzak beste enpresa batzuk gure herrira erakartzeko eta etorkizun industrial oparo bat izateko. Hau da, Jose Ignacio Asensio eta Mikel Serranoren nahiak aurrera atera izan balira gaur errauskailu bat izango genukeen herriaren erdian eta Bidasoa Metal 78 Bidasoaldean
egongo litzateke. Garrantzitsua deritzogu apunte hau egitea ezer baino lehen. Izan ere, egiteko molde bat ezarri zuten orduan Asensio eta Serranok; eta ez da hainbeste denbora
pasa.
Enpresari dagokionez, SPRIren jabetzako 94.000 metro koadroetatik 6.000 okupatuko ditu, hau da, azaleraren % 6. Bidasoa Metal 78 CEIT ikerketa-zentroak sortutako patente batetik
eratorritako spin-off bat da eta zorte onena opa diogu enpresari eta bere kudeatzaileei. Are gehiago, bere jarduerarako Zumarraga eta geure eskualdea aukeratzeagatik zorteko gaude. Ezartzera doazen teknologia eskalan industrializatu gabe dago orain arte, teknologiaren heldutasun maila ez da gorena eta jakinik spin-offek merkaturatzean izaten dituzten zailtasunak, ilusioz baina zuhurtziaz jokatu behar dela uste dugu. Gipuzkoako eta eskualdeko enpresen estiloa zuhurtzia, seriotasuna eta ixileko lana dira; uste dugu aurretiazko eta gehiegizko triunfalismoak ez direla onak enpresa kudeaketan; areago bizi dugun garai ekonomiko konplexu, zail eta aldakorretan. Garrantzitsuena enpresa egonkortzea da eta ondoren ikusiko da 40 enplegu, gutxiago edo gehiago sortuko diren; beraz ez dezagun herritarren espektatiba eta itxaropenekin jokatu.
Telleria bezelako goi mailako enpresa industrial bati eusteko ahalegina egin ez denean, PSEren agintaldietan desindustrializazio handi bat pairatu denean, 2008tik herriko enpresa
industrialen kopurua %37 murriztu eta 19 enpresa industrial galdu direnan, Gipuzkoako adierazle sozioekonomiko okerrenetakoak ditugunean, Dikar bezelako 300 langileko kooperatiba bati aldebakartasunez atea ixtea erabaki duzunean, errauskailu bat ezartzeko porrotaren motxila gainean duzunean eta eskualdeko hainbat enpresen izen ona okertu duzunean ulergarria izan daiteke albiste onak emateko antsietatea eta presa izatea. Baina herritarrei zuhurtziaz, umiltasunez eta gardentasunez hitz egin behar zaie.
Bestalde, ez da egia Arcelorren 2016tik jarduerarik egon ez denik. Izan ere, gutxienez bost enpresa egon dira bertan lanean Arcelorreko eremuan, baina jarduera lizentziarik gabe, modu ilegalean, Serrano jakitun zelarik. Jarduera lizentziarik gabe zeuden Arcelorren eremuak ez zuelako Plan Berezia onartua eta esan beharra dago Plan Berezirik gabe ezinezkoa zela jarduera ekonomikoak martxan jartzea. Eta harrigarria izan da Arcelorrek ateak 2016an itxi arren PSEk 8 urte behar izan dituela funtsezkoa zen plana onartzeko.
Printzipioz badirudi Metal 78 enpresak ez duela zer ikusirik Plastic Energyrekin: ez teknologian, ez tamainan, ez hondakin sorreran, ez lehengaien kopuruan, ezta ingurumen inpaktuan ere. Bestalde, Plastic Energyren kasuan ez bezala, oraingoan badaude inguruko enpresak proiektuan inplikatuak. Baina badira galdera batzuk egin behar direnak. Eskualdeko enpresen hondakinak ez badira tratatzen non dago ekonomia zirkularra? Urola Garaiko plan estrategikoa aintzat hartu al da? UGLEren ibilbide formatiboak hartu al dira aintzat? Mankomunitate mailan Enpresa Gunea foroa eratzea aurreikusten denean zergatik ez da proiektua bertan aurkeztu?. Beti defenditu izan dugu, bailara osoaren etorkizun industriala ahalik eta era zabalenean adostu behar dugula; eragile, erakunde eta alderdi politiko desberdinen parte hartzea bermatuz.
Urretxuko lurretan ezarriko den siderurgiako hondakinak tratatuko dituen balizko planta eta Bidasoa Metal 78, ibilgailuen katalizatzaileak tratatzen dituenak, ekosistema bat osatzen
hasiko dira. Hemen biltzen diren enpresek antzeko enpresak erakarriko dituzte, eta uste dugu epe luzeko begiradarekin hartu behar direla horrelako erabakiak eta ez epe motzeko etekin
politikoak lortzeko antsietatearekin. Oraingo erabakiek eskualdearen etorkizun industriala eta geure herritarren lanpostu industrialak baldintzatuko dituzte. Hondakinen kudeaketaren eta
birziklapenaren gune bat bihurtzera goaz, eta agian hala izan behar du, baina guztiok eta hemen erabaki behar dugu eskualdeko estrategia industriala. Lehen plastikoaren ekonomia zirkularraren poloa zena orain ekonomia zirkularraren poloan geratu zaigu. Nork erabaki du hemen horrelako polo bat ezarri behar denik? Mankomunitateko ildo estrategikoak erabakitzen diren foroetan ez behintzat. Gehiago dirudi Asensioren beharren araberako estrategia bat, hausnarketa sakon baten ondorioa baino. Zentzu horretan deigarria egin zaigu, hain proiektu garrantzitsua izanik, Gipuzkoako Diputatu Nagusia den Eider Mendoza, Ekonomia Sustapeneko diputatua eta Jaurlaritzako Industria sailburua edo sailburuordea bera ere, EAJkoak guztiak, aurkezpenean egon ez izana. EH Bildu bertan izango zen aurkezpenera gonbidatu izan balute.
Amaitzeko prozesua nola joan den azaldu nahiko genuke. Aurreko igande goizean, Bidasoa Metal 78 enpresa Arcelorreko lurretan ezarriko zenaren albistearekin topatu ginen. Are gehiago, astelehenean aurkezpen ekitaldi publikoa izango zela jakin genuen eta enpresa bera epe motzean martxan jartzekoa zela. Albistearekin topatu ginela diogu, Zumarragako EH Bilduko kideok herritarrekin batera enteratu baikinen berriaz. Aurreko ostegunean, alkateak jakinarazi zigun enpresa batek interesa zuela Zumarragan ezartzeko eta zinegotzioi aurkezpen bat egin nahi zigutela. Beraz, mankomunitatean lehen indarra den taldeak, komunikabideen berri izan zuen gai honetaz. Bai prentsa nola irrati saioetan zabaldu zen berria udal ordezkariok informatuak izan baino lehen. Zumarragan betikotzen ari den egiteko modu bat finean. Gardentasunik ez da izan prozesuan eta are gutxiago parte hartzerik. Jakin badakigu, interesa azaldu duten enpresak egon direla baina ez SPRIren aldetik ez udalaren aldetik ez dugu informazio zehatzik izan sekula. Udal gobernuaren eredua guk defenditzen dugunaren guztiz kontrakoa da. Dikar eta Plastic Energyrekin egin zuten moduan, herritarroi, bailarako eragileei eta gainontzeko udal ordezkarioi gai honen inguruko eztabaida publikoa lapurtu digute beste behin.
Beste egiteko era batzuk posibleak dira. Beste gardentasun bat posiblea da. Lankidetzan jardutea posible da. Baina argi dago hau dena ez dagoela Zumarragako udal gobernu taldearen agendan. Bitartean, orain arte bezala, Zumarragako EH Bilduko udal taldeko kideok lanean jarraituko dugu zintzotasunez eta erantzunkizunez Zumarragak merezi duen etorkizun industrial oparo eta aurreratu baten alde”.