Bi Minigarbigune gehiago ipini dituzte Beasainen
Hauekin hiru dira Sasieta Mankomunitateak Beasainen ipini dituen Minigarbiguneak: Barrendainen, Ezkiagan eta Igartza Oletan.

Birziklatzeko tamaina txikiko hondakin desberdinak jasotzeko azpiegitura berriak jartzen ari dira mankomunitatea osatzen duten udalerrietan. Beasainen, iazko urrian ipini zuten lehena, eta orain, beste bi ipini dituzte, beraz, hiru puntu daude tamaina txikiko hondakinak biltzeko: Barrendainen, Ezkiagan eta Igartza Oletan.
Minigarbiguneen helburua da herritarrei etxetik gertu hondakin txiki eta ertain jakin batzuk entregatzeko aukera ematea, izan ere hondakin horientzako gaur egun ez baitago ezarrita hurbiltasunezko bilketa bereizirik. Hondakin horiek mankomunitateak kudeatzen dituen hiru garbiguneetan onargarriak badira ere, batzuetan birziklatu ezin den errefusarekin nahastuta amaitzen dute, agian bolumen txikia dutelako eta instalazio horietara eraman behar izatea deserosoa delako. Horrelakoetan, hondakin horiek ezin dira berrerabili edo birziklatu.
Zazpi hondakin talde bota ahal izango dira Minigarbigunera: Aparatu elektronikoak eta elektrikoak (ile-lehorgailuak, lurrun-plantxak, bizarra mozteko makinak,…); informatika eta telekomunikazioak (teklatuak, saguak, etxeko telefonoak, haririk gabeko telefonoak,…); metalezko hondakin txikiak, ontziak izan ezik (eltzeak eta kazolak, zartaginak, metalezko mahai-tresnak,…); plastikozko hondakin txikiak, ontziak izan ezik (esekitokiak, tapizak, sukaldeko kuboak, loreontziak,…); tinta eta toner kartutxoak; erradiografiak; eta bonbillak eta hodi fluoreszenteak.
Hondakin talde bakoitzak, bere karga-ahoa du, eta bakoitzean zer bota ondo zehaztuta dago irudian.