Ibilgailu elektrikoak alokatzeko zerbitzua martxan da Beasainen
Guppy aplikazioaren bidez egin daiteke erreserba. Distantzia motzak eta ertainak egiteko zerbitzua da. Mugikortasun jasangarria eta irisgarriagoa bultzatzea da Udalaren helburua.

Ibilgailu elektrikoak alokatzeko zerbitzu berri bat aurkeztu du Beasaingo Udalak. Gernika pasealekuko aparkalekuan dago eskuragarri zerbitzua. Ostiraletik martxan dago eta bertan eman zituzten xehetasunak Adur Ugartemendia Beasaingo Udaleko Lurraldea arloko buruak, zerbitzua eskainiko duen GUPPY enpresako Sara Fernandez eta Carlos Garcia arduradunekin batera.

Guppy enpresako ordezkaria ibilgailuen ezaugarriak erakusten.Ariane Vierbücher
Egitasmo hau, Udalak «jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa garatzeko dituen lan ardatzen barruan kokatzen da eta ingurumena gehiago errespetatzeko konpromisoari lotzen zaio» Ugartemendiak zehaztu zuenez. Erabiltzaileei ibilgailu elektrikoak alokatzeko aukera eskainiko die, bereziki bi Tesla Model 3. Udal ordezkariak azaldu zuenez, «herrien arteko ibilbide motz eta ertainak egiteko aproposak dira. Aukera hori irtenbide ezin hobea da ibilgailu bat erosteko premiarik gabe beste bat behar dutenentzat».
Ezaugarri nagusiak
Autoek 150 eta 400 kilometro arteko autonomia dute, eta horrek hiriarteko joan-etorriak eta distantzia ertaineko bidaiak egiteko aukera ematen du.
Gainera, erabiltzaileak Guppyk presentzia duen beste hiri batzuetara joan ahal izango dira, hala nola Bilbo, Donostia, Gijón, Oviedo, Aviles, Santander, Torrelavega edo Madrilera, baita Bilbo, Santander eta Madrilgo aireportuetara ere, ibilgailua Beasainen itzuli beharrik gabe.
Zerbitzu horrek hiru aparkaleku ditu Gernika pasealekuko aparkalekuan. Aparkaleku horretan, gainera, ibilgailu elektrikoentzako bi karga-puntu daude, % 100 berriztagarria den jatorriko energiaz hornitzen direnak.
Nabarmendu behar da zerbitzuak barne hartzen dituela aseguru integrala eta laguntza teknikoa.
Alokairua Guppy aplikazioaren bidez egin behar da. Halaber, tarifak eta xehetasun gehigarriak www.guppy.es webgunean kontsulta daitezke.

Guppy aplikazioa.