Zerain Burujabek 2025erako onartutako udal aurrekontua kritikatu du
Zerain Burujabek EH Bilduren “kudeaketa ekonomiko negargarriaren” testuinguruan kokatu du 2025 urteko udal aurrekontua.

Zeraingo Zerain Burujabe herri plataformak udal gobernuak 2025 urterako onartutako aurrekontuen inguruko adierazpenak egin ditu prentsa ohar bidez; apirilaren 1ean Goierriko Hitzan gai honen inguruan argitaratu zen albistearen harira. 2025eko udal aurrekontuak —736.000 euro, guztira— EH Bilduren aldeko botoekin onartu ziren martxoaren 17ko osoko bilkuran; Zerain Burujabek kontra bozkatu zuen.
Udal aurrekontua beste urte batzuetakoa baina “handiagoa” zela adierazi zion Arantzazu Gereñu Zeraingo alkateak Goierriko Hitzari apirilaren 1ean argitaratu zen albistean. Besteak beste, “Foru Funtsetatik ohi baino 170.000 euro gehiago” jaso dituztelako aurten. Bada, zifra honen harira Zerain Burujabek hainbat zehaztapen egin ditu.
Diotenez, “2025eko aurrekontua azken sei urteetako txikiena da” eta azken urteetako aurrekontuen zenbatekoak ekarri ditu gogora: “2020an, 1.434.644 euro; 2021ean, 866.529 euro; 2022an, 985.296 euro; 2023an, 1.173.935 euro eta 2024an, 1.070.447 euro”.
Kudeaketarekin adostasunik ez
Zergatiaz galdetuta, EH Bilduren “kudeaketa ekonomiko negargarria” jarri du erdigunean. “Udal gobernuak oraindik ez du esan 2023 urteko kontuak aurreko legealdiko gestio negargarriek utzitako ezkutuko zuloarekin itxi zirela: 214.189,62 eurotako gerakin negatiboarekin. 2024an aurreikusitako proiektu guztiak bertan behera geratu ziren arrazoi horrengatik, eta 2025 urtean aurrekontuak murriztu egin behar izan direla zulo horri buelta ematea ezinbesteko lehentasuna delako”, azpimarratu dute prentsa oharrean.
Are gehiago, “aurreko legealdiko kudeaketa ekonomiko eskasak” —kudeaketa irregularrak ere aipatu dituzte—, Zeraingo herria legealdi guztirako “hipotekatuta” utzi dutela gaineratu dute. Aurrekontuei kontrako bozka ematearen arrazoia ere aipatu dute, “ezezkoa eman diegu EH Bilduren udal gobernuak egia ezkutatuz eta aldebakarrez eginiko aurrekontu hauei”, nabarmendu dute.
Udal gobernua herriaren aurrean hitz egiteko beldur den ere galdegin du prentsa oharrean: “urtean bi herri bilera deituko zituztela agindu zuten arren, bada urte bete baino gehiago azkenekoa deitu zutenetik”, amaitu dute.