Emakumeen aurkako 117 indarkeria kasu atzeman dituzte Goierri behean 2024an
Genero Indarkeriaren Aurkako Koordinazio Mahaiak jarraipen txostena kaleratu du. Aurreko urtean baino % 32 gehiago dira kasuak. Biktimen herena 18 eta 30 urte bitartekoa da.

Goierri behean emakumeen aurkako 117 indarkeria kasu atzeman ditu 2024an Genero Indarkeriaren Aurkako Koordinazio Mahaiak. Goieki garapen agentziaren bidez zabaldu du mahaiak 2024ko jarraipen txostena. Aurreko urtean baino %32 kasu gehiago dira, eta epealdi horretan jasotako “bolumen handiena”. Txostenaren arabera, genero indarkeria kasu orokorrak %84 dira, %14 etxeko indarkeria kasuak eta %2 sexu erasoak.
Antzemate jatorriak 2023ko joerari eusten dio. “Osasun zentroetatik eta Ospitaletik detektatutako kasuak nabarmentzen dira, aurreko urtekoaren bikoitza. Ertzaintza eta Gizarte Zerbitzuak dira eragile nagusiak”, dio txostenak.
Artatutako emakumeen kopurua 108koa izan da –bederatzi kasutan erregistro bikoiztua izan da–, eta kasu gehienak Ordizian, Beasainen eta Lazkaon atzeman dira.
Biktimak gero eta gazteagoak
Atzemandako kasu gehienak Gizarte Zerbitzuetara (14) bideratu ziren, zortzi Ertzaintzara, sei laguntza psikologikora, bost Osakidetzara, hiru Gipuzkoako Foru Aldundira , hiru prestazio ekonomikoetara eta beste bat larrialdiko egoitza-baliabideetara.
Biktimen adin-tarterik nagusiena 18 eta 30 urte bitartekoa da (% 33), aurreko urtean baino gazteagoak; ondoren, 31 eta 40 urte artekoak daude (%22), 41 eta 50 urte bitartekoak % 18, eta 64 urtetik gorakoak % 14.
2024an prebalentziaren joera aldatu da, eta indarkeria fisikoa da gehien erregistratu dena –2023an baino % 26 gehiago–, eta, ondoren, psikologikoa. Sexu-indarkeriako 3 kasu, familia barruko indarkeriako kasu bat eta haurren aurkako sexu-abusuko beste kasu bat erregistratu dira. Sexu-indarkeriako kasuak % 10 jaitsi dira aurreko aldiarekin alderatuta.
2024an emakumeen % 53k jarri zuten salaketa, 2023an baino % 10 gutxiagok ( % 63).