Gijonek Irizarren lau hiri-autobus %100 elektriko erosiko ditu
Ormaiztegiko enpresak sinatu berri du kontratua Gijongo Hiri Garraioko udal enpresarekin. Lau autobusak hamaika hilabeteko epean entregatuko ditu.

Irizar e-mobilityk autobus elektrikoak hornitzeko kontratua sinatu berri du Gijongo Hiri Garraioko Udal Enpresarekin (EMTUSA). Kontratuan hitzartutakoaren arabera, Irizarrek “12 metroko luzerako lau hiri autobus %100 elektriko” egingo ditu Gijonerako. Operadoreak Irizar ie bus modeloa aukeratu du.
Lau autobusak “hamaika hilabeteko epean entregatuko dira” eta 10. linean emango dute zerbitzua (Pumarin-Cabueñesko Ospitalea ibilbidea). Linea horrek mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du Gijon hiria, eta urtean 2.827.137 bidaiari baino gehiago garraiatu ohi ditu.
Autobusek −ie bus modelokoak− 150 kW-rainoko karga potentzia dute. Autobus horiek kotxetegietan kargatuko dira Combo 2 entxufe baten bidez. Segurtasunari dagokionez, GSR2 ADAS araudia betetzen dute. Araudi horrek, gainera, ibilgailuaren babesa bermatzeko zibersegurtasun neurriak jasotzen ditu.
Erabat irisgarriak
Ibilgailuak erabat irisgarriak dira. Arrapala bikoitza dute, aulki gurpildunetarako eta haur orgatxoetarako erreserbatutako bi gune dituzte, bai eta mugikortasun urriko pertsonentzako lehentasunezko eserlekuak ere.
Eskaera hau EMTUSAk 24-27 flota berritzeko abian jarritako asmo handiko plan baten parte da.
Irizar e-mobility “lider izan da Espainiako merkatuan, bi urte jarraian baino gehiagoan”. Eskaintzen dituen elektro-mugikortasun soluzioak “Espainiako 26 hiri baino gehiagotan” daude. Aurten, konpainiak “1.200 autobus elektriko baino gehiago” ekoitzi ditu. “Mugarri garrantzitsutzat” jo dute datua, duela 9 urte sortu zela kontuan hartuta.