Irizarrek mugarri historikoa lortu du Irizar i6S Efficient Hidrogenoarekin
Irizar i6S Efficient Hidrogenozko autobusak 2.500 km egin ditu Ormaiztegi eta Briançon (Frantzia) herrien artean, 900 kilometroko autonomia erdietsiz.

Irizar i6S Efficient Hidrogenozko autobusak Ormaiztegiko Irizarren egoitza nagusia eta Briançon (Frantzia) arteko joan etorriko ibilbidea “arrakastaz burutu du”, berriki egindako proba saioan. 2.500 kilometro egin ditu guztira, Pirinioetako eta Proventzako hainbat herri zeharkatuz, Frantziako Alpeetara iritsi aurretik, eta 1.400 metrotik gorako desnibel positiboa gainditu du.
Probaldi honekin, Irizarrek “hidrogenozko autobus batek Europan egindako distantziarik luzeena” egitea lortu du, etorkizuneko mugikortasun iraunkorrean mugarri historikoa jarriz. Irizar “abangoardia teknologikoan kokatu da berriz ere mugikortasun adimentsu, konektatu, zero emisio eta multiteknologiko” baten aldeko apustuan.
Ibilbidean zehar, Irizarrek i6S Efficient Hidrogenozko autobusa Frantziako eskualde ezberdinetako hainbat erakunderi aurkeztu die, “teknologia berritzaile horrek eskaintzen dituen aukerekiko interes eta gogo handia sortuz”. Ekimen hori “urrats erabakigarria” izan da hidrogenoaren potentziala erregai fosil tradizionalen aurrean “bideragarria eta jasangarria” dela erakusteko.
“Oso harro gaude lorpen honekin”, adierazi du Javier Goikoetxea Irizarreko esportazio zuzendariak. “Mugarri honek, mugikortasun iraunkorrean aitzindari gisa dugun posizioa indartzeaz gain, Europa osoan teknologia garbiak integratzeko aukera berriak ere irekitzen ditu”, azpimarratu du.
Irizar i6S Efficient Hidrogenoa
Irizar i6S Efficient Hidrogenoa, 2023an Busworld Nazioarteko Azokan aurkeztu zen eta Europako “lehenengo H2 zero emisioko” autokarra da. Proiektu hau Irizarrek “zero emisioko ibilgailu gama osoa eskaintzeko duen apustu irmoaren froga bat da, bai ibilbide laburretarako zein luzeetarako, eta etorkizuneko mugikortasun iraunkorrerako bidean mugarri bat ere bada”.