Lazkaomendiko Mus Txapelketa Arregi eta Casas zestoarrentzat
Lartxai elkarteak antolatutako txapelketan 45 bikote aritu dira lehian.
Eneko Arregi eta Juan Casas zestoarrak –txapelekin–, eta Joanes Begiristain eta Ander Insausti lazkaotarrak, bigarren sailkatuak. Lazkaoko jaiei amaiera eman bezain pronto hartuko dio lekukoa Lazkaomendik, eta festa-giroan murgilduko dira bertako auzotarrak bi eguneko egitarau zabalarekin: dantzaldiak, ibilaldiak, festa-afariak, txirrindulari proba, trikitilariak, kontzertuak…
Festetako aurreneko ekitaldia, baina, denboraz zertxobait lehenago, larunbatean jokatu da: VIII. Mus Txapelketa. Parte hartzaileen artean, denera, 45 bikote hurbildu ziren auzoko Lartxai elkartera. Goierri, Urola, Tolosaldea, Hernani, Leitza, Etxarri-Aranatz, Oñati, Zestoa, Zumaia, Mutriku, Getaria eta Zuiako muslariak, besteak beste.
Eneko Arregi eta Juan Casas zestoarrak izan ziren txapelketako irabazleak, eta txapel bana eskuratzeaz gain, oroigarria eta 1.000 euroko zakua ere eraman zuten; elkarren segidan, bigarren postua lortu zuten Joanes Begiristain eta Ander Insausti lazkaotarrek, eta 500 euro eskuratu zituzten; hirugarren postua, berriz, bikote aiarrarentzat izan zen eta hala Aimar Azkuek eta Asier Alberdik 200 euro lortu zituzten; azkenik, Antxon Altuna eta Gonzalo Gurrutxaga muslari ibartarrek eskuratu zuten laugarren postua eta gainerakoen sariaren kontrara, Lazkao Etxe jatetxean bi degustazio menu eskuratu zituzten.












