Loinatz jaietako kartela aukeratzeko bozketa zabalik dago
Apirilaren 27ra arte eman daiteke bozka, udaletxean edo internet bidez.

Loinatz jaietako kartelaren aukeraketa prozesua aurrera doa. Aurkeztu diren diseinuen artean lehen aukeraketa egin du epaimahaiak, eta bigarren fasean, herritarrek izango dute hitza. Sei diseinu daude bozkatzeko, apirilaren 27ra arte.
Bi bide daude bozketan parte hartzeko. Aurrez aurre, udaletxeko atarira inguratuta. Bertan daude ikusgai kartelen diseinuak, bozka emateko txartelak, eta hautesontzia. Beste aukera bat da, udalaren webgunearen bidez egitea, bertan aurkitzen den estekan sartuta eta galdetegia osatuta.
Lanak saritzeko garaian kontuan izango diren irizpideak honako hauek dira: Loinatz jaiekin edota Beasaingo ohiturekin lotura izatea, lehiaketaren helburuarekin lotura izatea (jaiak iragartzea), sormena, teknika, edota ideia berriak izatea.
Boto gehien jasotzen duen diseinua izango da aurtengo jaietako azalean agertuko dena, eta gainera, diseinuaren egileak 600 euro jasoko ditu. Bestalde, haurren kategoria ere martxan da. Kasu horretan, irabazleak, 180 euro jasoko ditu. Maiatzaren lehenengo hamabostaldian jakinaraziko dituzte irabazleak.