Ostegun eta Ostiral Santuko prozesioak, eguraldiaren baitan
Apirilaren 17an eta 18an egokitu dira aurten prozesioak. Eguraldi kaskarra eginez gero elizan egingo dituzte ospakizunak.

Seguran Aste Santuko ohitura berrituko dute datozen egunetan, 300 urte baino gehiagoko tradizioari eutsiz. Aurten ere, 250 bat herritarrek hartuko dute parte Ostegun eta Ostiral Santuko prozesioetan. Prozesioen elementu plastiko eta historikoa osatzen duten hamar irudi aterako dituzte bederatzi paso bizitan.
Ostegunean, apirilak 17, Azken afariko meza egingo dute Segurako parrokian (17:00) eta ondoren ekingo diote prozesioari kaleetan zehar (18:15). Ostiralean, apirilak 18, Gurutz bidea egingo dute (8:00) Santa Engrazia baselizatik abiatuta, Sorkundetar komentura; iaz zaharberritu zuten Kristo gurutziltzatuaren irudia muin eman eta gero. Arratsaldean, Jaunaren nekaldiaren ospakizuna eta gurutzetik jaistea egingo dituzte parrokian (16:30) eta prozesioa ondoren (18:15), herriko kaleetan zehar. Euria egingo balu, elizan bertan egingo dituzte prozesioak.
Pazko egunean azkena
Ostegun eta Ostiral Santuetako prozesioetan parte hartu behar duten herritarrek 16:00etan egina dute hitzordua, denboraz prestatu ahal izateko. Nazareno eta penitente jantzi behar dutenek osasun etxera gerturatu beharko dute eta parrokian elkartuko dira, gainontzeko guztiak.
Aste Santuko ospakizunekin amaitzeko, Pazko egunean, apirilaren 20a, meza egingo dute Sorkundetarren komentuan (12:00).