Apirilaren 26an jokatuko da Zegaman 38. Elkartu Nahi txirrindularitza saria
Junior mailako Gipuzkoako egutegiko zazpigarren proba da.

Zegamako Elkartu Nahi txirrindulari elkarteak antolatuta, izen bereko junior mailako txirrindulari txapelketa jokatuko da apirilaren 26an, 38. aldiz. Lasterketan 100 bat txirrindulariren parte hartzea espero da; tartean Gipuzkoako talde guztietako ordezkariekin.
16:00etan hasiko da lasterketa, Zegamatik abiatuta. 75,5 kilometroko ibilbidea egingo dute ziklistek. Segura eta Zegama artean ibili ondoren, Idiazabaldik Olaberrira joango dira, eta Ormaiztegitik Lierniko gaina igoko dute, Segurara jaisteko gero. Lierniko zirkuitu horretan hiru itzuli egingo dituzte, Lierniko gaina ere hiru aldiz igoz aldapa pikoan. Barbariko gaina izango dute helburu azken itzulian. Zegaman erdigunean amaituko da karrera.
Ruben Zabaleta Elkartu Nahiko kidearen arabera «lasterketa exijentea» da Zegamakoa. Junior mailan «puntan dabiltzan txirrindulariak» izan ohi dira lasterketako protagonistak. Zabaletak kontatu duenez, lasterketa «oso puskatuta» iristen da helmugara, are, Zegamako helmugan sprint gutxi ikusitakoak direla ere gaineratu du, «normalean lehenengoa bakarrik iristen delako».
37. Elkartu Nahi Saria berezia izan zen iaz, Euskadiko txapelketa jokatu zutelako Zegaman Bizkai, Araba eta Gipuzkoako txirrindularien parte hartzearekin.
Egutegiko zazpigarrena
Junior mailako Gipuzkoako Txirrindularitza egutegiko zazpigarren proba izango da Zegamakoa. Goierriri dagokionez, Lazkaon izango da Gipuzkoako junior mailako hurrengo txapelketa, Lazkaomendiko 49. probarekin. Maiatzaren 3an jokatuko da.