Artaldeek Ordiziako herrigunea zeharkatuko dute apirilaren 23an
Bost artaldetan banatuta, 1.500 ardi inguru pasatuko dira. Idiazabal Gazta denboraldiaren irekiera izaten da. Erakustaldiak, jolasak eta omenaldiak egingo dituzte.

Pazko Astean Goierrin geratzen direnek badute zer ikusi, non erosi eta zer gozatu. Ordizian, apirilaren 23an, datorren asteazkenean, Artzain Eguna egingo dute. Urteko lehenengo azoka berezia izango da. Urtero bezala, transhumantzia irudikatuko dute, artzainen lana balioan jartzeko helburuarekin. Ordiziako Alde Zaharretik barrena, bost artaldetan banatuta, Kale Nagusia zeharkatuko dute 1.500 ardi inguruk artzainekin batera.
Modu horretan, antzinatik egin izan den eta garai berriek zailtzen duten menditik haranerako eta haranetik mendirako aldaketa ekarriko du gogora irudikapenak. Maiatzaren 1etik aurrera egingo dute artzain eta artaldeek mendiko larreetara itzulera, Aralarko larreen irekierarekin.
Idiazabal Gazta denboraldiaren irekiera ere izaten da Artzain Eguna. Garena Jatetxeko sukaldariek moztuko dute gazta berria aurten.
Hala, Ordiziako Udalak, ELE Gipuzkoa ardi latxa elkarteak, Lurgintzak, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak antolatutako azokan, artzainak eta gazta izango dira protagonistak. Zehazki, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu bezala, latxa ardiari gorazarre egiteko eguna izango da: «Gure nortasun eta tradizioarekin uztartuko gaituzte urtero berritzen dugun errituaren bitartez, eta erakutsiko digute, Idiazabal Gazta bat dastatzen dugun bakoitzean, ahora geure lurralde, historia, natura eta ondarearen zati bat daramagula, eta ziurrenik, horregatik egiten digula garunak eztanda».
Bertako herritarrak ez ezik, bisitariak erakartzeko aukera ematen du egunak, Azahara Dominguez turismo diputatuak azaldu duenez, «Gipuzkoaren esentzia» delako: «Lehen sektoreak eta turismoak, eskua emanda, Idiazabal Gaztaren inguruan eratutako unibertsoa ezagutzeko aukeraz gozatu ahal izango dute». Diputatuak dio Idiazabal Gazta, bertako gastronomiaren parte izateaz gain eta elementu turistiko nagusienetakoa izateaz gain, «ehunka familiarentzako enplegu eta aberastasun iturria» ere badela.
200 bat abelburu
Hogei bat artzainen latxa arrazako aharien erakusketa-lehiaketa egingo dute, baita ELE elkarteko bildotsen erakusketa eta ardien errape erakusketa-lehiaketa ere. Denera, 200 bat abelburu izango dira ikusgai Garagartza plazan, udalak azaldu duenaren arabera, «Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsua» izango dena. Bi motatako animaliak egongo dira: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak. Leku berean, mamia nola egiten den ikusteko aukera izango da.
Jateko, usaintzeko, dastatzeko, ikusteko, erosteko eta gozatzeko eguna izango da aurten ere Artzain Eguna Ordizian, artzainen eta gaztagileek egiten duten lanaren erakustokia.
Azoka berezia goizean zehar
- 09:00. Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa Garagartza plazan.
- Goizean. Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzian erretzea, Garagartza plazan.
- 10:00-14:00. Nikolas Lekuona plazan: haurrentzako Artzainen herri kirolak jolasak. Artzain Gazta Elkarteko artzain eta Idiazabal Gazta ekoizleen salmenta postuak kokatuko dituzte inguru horretan.
- 11:00. Artaldeak igaroko dira gune historikoan barrena.
- 11:15. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, udaletxeko batzar aretoan. Dimako Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztuko dute.
- Aurretik. Vascos por el Mundo telebista programa omenduko dute, eta gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak emango dituzte.
- 11:30. Mamia egitearen erakustaldia Garagartza plazan.
- 11:30. Erretako esne bildotsaren dastaketa Garagartza plazan, Aspanogiren alde.
- 12:15. Ile-mozte erakustaldia Garagartza plazan.
Asteroko azoka
- Goiz osoan. Asteroko ohiko feria ere izango da Plaza Nagusian, eta horrez gain, gaztarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak jarriko dituzte. Trikitilariek eta dultzaina jotzaileek alaituko dute giroa.