Artea, gizartea eraldatzeko
Arteria Errizomak sustatuta, giza eskubideen gaia lantzeko proiektu artistiko bat garatu dute Ormaiztegiko San Andres herri eskolan. ‘Garbitu aurpegia’ ikus-entzunezkoa da emaitza.

Jakin-mina eta ikusmira zegoen, eta Ormaiztegiko gizarte etxea lepo bete zen pasa den ostiralean, Garbitu Aurpegia ikus-entzunezkoaren estreinaldian. San Andres herri eskolako LH 5. eta 6. mailako ikasleek gogor lan egin dute azken hilabeteetan labur honen ekoizpenean, eta ostiraleko aurkezpen ekitaldia berezia izan zen beraientzat, herritarren aurrean erakutsi baitzuten ilusioz prestatuko lana.
Garbitu aurpegia Arteria Errizomak sustatuko proiektua da, giza eskubideak bezalako gai bat haurrekin lantzeko helburuarekin. Arteriak urteak daramatza Goierriko ikastetxe ezberdinetan proiektu hau garatzen, eta aurten Ormaiztegin egokitu da; udalak ere diruz lagundu duen proiektua izan da.
Besteak beste, giza eskubideen urraketak lantzen dituzte haurrekin «beraien egunerokotasunera eramaten ditugu, izan ere, askotan ez dira konturatzen esaten dituzten hitzekin aurrean duten pertsonaren eskubideak urratzen ari direla», kontatu du Iker Zinkunegik, Dar Dar produkzioak eta Arteria Errizomako kideak. Garrantzitsua deritzo gai hauek haurrekin lantzeari, «gizartean orokorrean giza eskubideez hitz egiterakoan jendeak ea baitaki zehatz-mehatz zertan ari garen», ondorioztatu du.
Emaitza «profesionala»
Xabin Fernandez aktore, gidoilari eta aurkezle legorretarrak Arteriakoen dei bat jaso zuen proiektu honetan parte hartzeko eskatuz. Hilabete batzuk eman ditu —astean behin— Ormaiztegiko ikasleekin lanean. «Ilusioz hartu duten lan bat da. Oso inplikatuta egon dira eta ni oso pozik egon naiz beraiekin. Uste dut oso emaitza profesionala geratu zaiela eta oso pozik eta harro nago beraien lanagatik», adierazi du aurkezpenaren ondotik.
Fernandezek aurreratu duenez, «hiru historia ezberdin uztartzen dituen kontakizun bat» da film laburra. Ikasleek hala erabakita eskolan girotuta dago istorioa eta «alderantzizko mundua» deitu diote kontakizunerako asmatutako testuinguruari. «Jazarpena jasaten duten hiru ikasleren istorioak kontatzen dira, baina gaur egungo topikoetatik aldenduz», kontatu du Fernandezek.
Motibazioa lantzen
Giza eskubideak bezalako gai arantzatsuak lantzea ez da beti erraza ,»ez dira gai xamurrak eta kontuz ibili beharrekoak ere badira. Baina tonu honetan eta ikus-entzunezko baten bueltan egitea arinagoa da eta beraiek ere beste garrantzi bat eman diote», ondorioztatu du Fernandezek. Zinkunegi harago joan da «gure ustez, artea tresna garrantzitsuenetako bat da eraldaketa sozialerako. Haur hauekin ere ikusi dugu, erabat motibatuta egon dira proposamen artistiko honekin eta buru belarri egon dira lanean», amaitu du.