CAF-Elhuyar zientzia eta teknologia sariketa berrituta dator
'Begi berriz kontatzeko' lelopean, aurtengo edizioan kategoriak berritu dira, eta argazkilaritza lanak ere sarituko dituzte. Elhuyarrek eta CAF enpresak eta NEIKERen babesarekin antolatzen duten sariketa honetan lanak aurkezteko azken eguna uztailaren 1 izango da.

Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea du helburu CAF-Elhuyar sariketak. Begi berriz kontatzeko da aurtengo goiburua, berrituta baitatorr sariketa. Gizartearen etengabeko bilakaerarekin bat eginez, kategoriak egokitu dira; artikuluak eta audioak saritzeko kategoriei, argazkilaritza zientifikoarena gehitu zaie. Gazteek leku berezia izango dute kategoria horretan, eta argazkien bitartez beren ikuspegia ematera gonbidatuko dituzte.
Hiru kategoria
Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin, eta hiru kategoria hauek osatuko dute: dibulgazio-artikulua, zientzia-kazetaritza eta argazkilaritza lanak. Guztira 10.000 euro banatuko dituzte.
Dibulgazio-artikulua kategoriako irabazleak 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko ditu.
Zientzia-kazetaritzan, idatzizkoak eta audioak sarituko dira. 1.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura bat eskuratuko ditu.
Argazkilaritza lanak kategoria berrian, zientziarekin edota teknologiarekin lotura duten argazkiak aurkeztuko dira. Hemen bi kategoria izango dira; helduena, 18 urtetik gorakoentzat, non 2.000 euroko saria izango den; eta gazteena, 14 eta 18 urte bitartekoentzat, 1.000 euroko saria izango duena.
Horrez gain, NEIKER saria emango diote lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da, eta bateragarria da beste sariekin.
Uztailaren 1a arte izango da lanak aurkezteko aukera Cafelhuyarsariak.elhuyar.eus webgunean.