Ordiziako Azoka XXI. mendeko ohituretara egokitzeko bidean
Azokaren etorkizuna bermatzeko eta belaunaldi gazteagoengana iritsarazteko hainbat lan egin ditu udalak. Besteren artean, Ordiziako Azoka aplikazioa sortu dute, eta takila adimendunak jarri dituzte asteazkenetan bertaratu ezin dutenentzat.

Asko dira oraindik Ordiziako Azoka merkataritza erreferentziatzat duten herritarrak. Goierriko nekazari eta abeltzainen topaleku izan ohi zen, eta nekazarien gune bada egun ere, baina azokaren etorkizuna bermatzeko, belaunaldi gazteak bertara erakartzeko, merkatua sustatzeko eta tokikoak saltoki handiekin lehia zuzena egiteko aukera izan dezan, hainbat ekimen egin ditu Ordiziako Udalak azken urteotan, iraunkortasuna lortze aldera. Azkeneko ekimenak izan dira Europako Batasunak eskaintzen dituen Next Generation diru-laguntzetatik azoka eraberritzeko finantzazioa lortzeko udalak egindako apustua. Apustua, eta lorpena. Izan ere, merkatua biziberritzeko lerroan, 1.092.653,29 euroko inbertsioko proiektua aurkeztu zuen, eta proposamen horretarako %80 lortu zuen Europako funtsetatik; beste %20a udalak jarri du.
Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, aurkeztutako aurrekontuaren %97,4 bete da. Inbertsiorik handiena azoka hartzen duen Plaza Nagusiaren berrikuntzarentzat izan da: 796.336,90 euro plaza bera berritzeko; 54.673,41 euro teilatuan panel fotovoltaikoak jartzeko; 7.093,38 euro postuetako mantel edo oihalentzat; 52.004,20 euro espazio osagarrietarako (sukalde mugikorra, informazio puntua eta behin-behineko postuetarako bi modulu berezi); 35.557,52 euro takila adimendunetarako; 18.139,96 euro packaging jasangarrirako; 4.985,20 euro hondakinen kudeaketarako; 14.399 euro transformazio digitalerako (webgunea, Ordiziako Azoka aplikazioa, ikastaroak); 18.097 euro seinale berrientzat; eta 17.933,41 euro wifia ezartzeko.
Ordiziako Azokaren eraldaketa digitalerako eta iraunkorrerako plana: Azoka XXI izan du izena egitasmoak, eta 1512. urtetik asteazkenero egiten den azokaren espazioa fisikoki eraldatzea eta modernizatzea izan dute helburu.
Zozketak erosleentzat
Digitalizazioa gaur egungo ezaugarri nagusienetakoa izanik, azoka digitalizatzeko urratsak egin ditu udalak. Ordiziako Azoka izeneko aplikazioa sortu dute, asteazken goizetan azokara joan ezin duten erosleek, Ordiziako Azokako app-aren bidez azokako ekoizleen fitxetan sartzeko aukera eta whatsapp bidez eskaera modu errazean bideratzeko aukera izateko. Arratsaldez, udaletxeko arkupeetan jarri diren takila adimendunetan jaso dezakete eskaera.
Herriko merkataritza establezimenduetan egindako erosketak ere bertan utzi ahal izango dituzte merkatariek
Aplikazioa deskargatuta, ekoizleen informazioa ikusteko eta haiekin whatsappez edo posta elektronikoz harremanetan jartzeko aukera izango dute herritarrek. Salneurriak ikusi ditzakete bertan, baita azken berriak ere. Azokako istorioak, bideoak, bertako produktuekin egindako errezetak…eta fidelizazio txartela. Asteazkenetan azken hori erabilita, sari bikainak lortzeko aukera izango dute. Izan ere, erabiltzaile guztien artean hilabetero zozketak egingo dituzte; azokan erabiltzeko packaging jasangarria edo sukaldean erabiltzeko tresna desberdinez osatutako loteak zozketatuko dira, eta hiru hilabetean behin produktu ezberdinez osatutako saski bat.
Erosketak nahieran
Udaletxe azpian dauden takila adimendunak dira azokaren eraldaketa digitalean egindako beste urrats garrantzitsua. Takila horien bidez, ez da beharrezkoa izango asteazken goizean Ordizian egotea azokako produktuak erosi ahal izateko, Ordiziako Azokaren aplikazioaren bidez eroslea merkatariarekin zuzenean harremanetan jarriko delako eta azken horrek erosketak armairuetan utziko dizkiolako. Izan ere, udalak egindako hausnarketa estrategikoetan ondorioztatu zuen azoka asteazken goizetan izateak eragina duela erosketan eta hartu-emanean, jende asko ezin delako azokara bertaratu. Gainera, herriko merkatariei ere zabalduko zaie takilen erabilera, azokan ez ezik, herriko merkataritza establezimenduetan egindako erosketak ere bertan utzi ahal izateko.
Hala, bezeroak fidelizatzeko eta bezeroaren eta ekoizlearen arteko harremana zuzena izateko helburua dute ekimen horiek, merkatuaren etorkizuna bermatuz. Azokak eta tokian tokiko merkataritzak iraungo badu, eta lehen sektorearen sustapena bultzatu nahi bada, ezinbestekoa baita azoka bera ere XXI. mendeko herritarren ohituretara egokitzea.