San Prudentzio eguna ospatzen ari dira Lazkaon
Ordubatean, udal agintariek ohiko soka dantza egin dute, tradizioari jarraipena emanda. Jende ugari bildu da herriko plazan.

Lazkaoko jaien barruan agintariaren egun seinalatua ospatzen ari dira gaur, San Prudentzio. Eta festetako aurreneko asteburua amaitutzat emanda, astelehenarekin egokitu da aurten. Ohiturazko ekitaldiak izan dira egitarauan nagusi. Goizean, ohi bezala, txistularien goizeresiaren ondotik, meza egin dute San Prudentzio ermitan. Mezaren ondoren, Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilariek alaitu dituzte herriko kaleak, eta ordubatean, udal agintariek ohiko soka dantza egin dute, tradizioa jarraituz. Eguraldia lagun, jende ugari bildu da goizeko eta eguerdi parteko ekitaldietan, eta plaza inguruak beteta agertu dira.
Bazkaltzeko tartea hartu eta 17:30etan hasiko dira arratsaldeko ekintzak: Zagupe aisialdi taldearen jolasak izango dira batetik, eta ‘Marieta Zirkus’ haur ikuskizuna bestetik. 19:00etan, Xaibor taldeak joko du herriko plazan, eta gaua borobiltzeko, Akerbeltz erromeri taldea izango da festa giroa alaitzen.
Aisialdi eskaintza gehiago
Txosnaguneetan ere bestelako aisialdi eskaintza bat egongo da gaur arratsaldean zehar: plazako txosnan, patata tortilla lehiaketa egingo dute 17:00etan hasita, eta bertsopoteoari ekingo diote ondoren. Aratz Igartzabal eta June Aiestaran goierritar bertsolariak izango dira kantuan, eta txosnagunetik hasita, herriko kaleetatik barrena kantatuko dute.
Skatepark-eko txosnan, berriz, kirol ikuskizun batez gozatzeko aukera egongo da arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

















