Sasoiko gazta denboraldiari hasiera emango dion Gazta Azoka asteburuan
Amelia Jauregi artzain eta gaztagile gabiriarra omenduko dute. Gazta Azokaren irudia eramango du ONCEren kupoietako batek. Ez da faltako artaldea herrigunetik pasatzen ikusteko aukera.

Maiatzaren 3an eta 4an ospatuko da aurten Idiazabalgo Gazta Azoka. Asteburu osorako egitaraua aurkeztu dute gaur goizean prentsaren aurrean. Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak aurreratu duenez, «denboraldiko gazta berria lehenengoz dastatzeko» aukeretako bat da Idiazabalgo azoka. Azokaz gain, mamia egiteko saioa eta txapelketa, show cooking saioa edo gazta ketze erakustaldia izango dira. Aurten ere, larreetara igo eta ganaduaren gobernatzea nola egiten den ikusteko aukera izango da Aritz Ganboarekin. Azken urteetan bezala, igandean egingo da gazta txapelketa herrikoia eta artaldea herrigunetik pasatzen ikusteko aukerarik ere ez da faltako. Aurtengo omenaldia Amelia Jauregi Gabiriako Baztarrika baserriko artzain eta gaztagileari egingo diote.
Alkatearekin batera, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak; Agurtzane Gabiria Artzai Gazta elkarteko kideak eta ONCEko Usue Vallejo —Euskadiko ordezkariak— eta Andrea Partek —Gipuzkoako zuzendariak— hartu dute parte gaur goizeko agerraldian. Azken biek, maiatzaren 5ean zozkatuko den ONCEren kupoia aurkeztu dute, aurten lehen aldiz, Idiazabalgo Gazta Azokaren irudia eramango du eta dagoeneko salgai dago ohiko lekuetan.
Bertakoak eta kanpokoak
diazabalgo Gazta Azoka 1998an egin zuten lehenengo aldiz, eta hasieratik «Euskal Herriko artzainek egindako gazta sustatzea» izan duela helburu azpimarratu du Gabiriak. Idiazabalgoa bezalako azokek gaztagileei «gazta zuzenean saltzeko» ematen dien aukera ere azpimarratu nahi izan du.
Guztira, «30 postu» izango dira aurten. Horietatik 17 Euskal Herriko gaztagileenak, «Idiazabal jatorri izendapenekoak noski, eta baita iparraldeko Ossau-Iraty deiturakoak ere. Gaztagile gonbidatua Aurizberriko (Nafarroa) Pirineki izango da». Beste sei postu European Cheese Route elkarteko kideen gazten erakustoki izango dira: Espainiatik Caceres, Valladolid, eta Cadizkoak; Herrialde Katalanetatik Menorca eta Gironakoak eta Portugalgo Fundaokoak.
«Merezitako» omenaldia
Gainontzeko postuak edariei eskainitakoak izango dira; hala nola, «Arabar Errioxako ardoa, Getariako jatorri izendapeneko txakolina eta Euskal Herriko sagardoa eta garagardoa» izango dira aukeren artean. Haurrentzako jolasak, kale animazioak, artisauen azokak eta forja artistikoaren erakustaldiak osatuko dute aurtengo Gazta Azoka.
Dominguez diputatuak Idiazabal gaztak lehen sektorean, gastronomian eta turismoaren alorrean duen garrantzia azpimarratu du: «Idiazabal gazta mundua egiteko eta ulertzeko modu bat da, gure ingurune naturalarekiko konpromiso argia, gure sustraiekiko harreman estua eta bikaintasunaren etengabeko bilaketa tradizioa ahaztu gabe». Adibidetzat jarri du Amelia Jauregi «baserriari eta artzaintzari oso lotuta dagoen emakumea eta bere ibilbidea konpromiso sozial eta profesional handiarekin garatu duena», igandean egingo dioten «merezitako» omenaldiaren harira.
Izan ere, artzaintzarekin eta gaztagintzarekin lotutako norbait omentzeko baliatzen dute Gazta Azoka urtero. Aurten Amelia Jauregi omenduko dute; Gabiriako Baztarrika baserrian jaio zen 1946an. Artzaintzari eta gaztagintzari eskainitako bizitza izan da Jauregirena, baina besteren artean, Lurgintza Nekazal Kooperatibaren, EHNE sindikatuaren eta ELE Euskal Herriko Latxa elkartearen sorreretan parte hartu zuen. ELEko lehendakari izana da 11 urtez eta Artzai Gaztako lehendakaria beste lautan. Emakume Baserritarren elkarteko sortzaileetako bat ere izan zen. «Merezitako omenaldia» izango duela esanez amaitu zuen agerraldia alkateak.

Idiazabalgo Gazta Azoka ONCEk maiatzaren 5ean zozkatuko duen kupoiko protagonista izango da aurten, lehenengo aldiz. Hala eman zuen jakitera atzo Idiazabalen, Usue Vallejok, ONCEren Euskadiko ordezkariak. «ONCEn gure gizarteko eta geografiako ekitaldi edo leku esanguratsuak islatzen saiatzen gara gure kupoietan», azpimarratu zuen.
Hala, maiatzaren 5ean zozkatuko den 5 milioi kupoitan agertuko da Gazta Azokako lehiaketetako bati dagozkion gazta zenbakituak erakusten dituen irudia. Idiazabal gaztaren zaporeko saria izango da. Andrea Parte ONCEren Donostiako zuzendariak aurreratu duenez, zozketa eguneroko kupoi bati dagokio eta 500.000 euroko saria dago jokoan «zenbakiari gehi serieari» dagokiona; eta «35.000 euroko 49 sari saritutako zenbakiaren» bost zifrentzako. Gainera, 250 euroko 450 sari lehen lau zifrentzat eta 450 azken laurentzat; 25 euroko 9.000 sari azken hiru edo lehen hirurentzat; eta gauza bera lehen eta azken bientzat (6 euro) eta saritutako zenbakiaren lehen edo azken zifrari 2 euro itzultzea.
ONCE eta Idiazabalen arteko harremanak ez dira gaurkoak ordea. Vallejok gogorarazi duenez, “duela urte batzuk Idiazabalgo Udalak braille kartelak garatzen lagundu zuen, eliza edo Gaztaren Museoa bezalako tokien azalpen-testuekin, bai eta ostalaritzako establezimenduekin ere, itsuei edo ikusmen txikia duten pertsonei sarbidea errazteko”.
Gazta Azokaren irudia duen kupoai salgai dago jada eta erakundeko 20.000 saltzailek baino gehiagok merkaturatuko dituzte, tartean, gaur goizeko agerraldian parte hartu duen Olaberriako Carrefourreko ONCEren saltzaileak, Izaskun Tolosak. Gainera, www.juegosonce.es webgunetik eta baimendutako establezimendu laguntzaileetan eros daitezke.