Festa gogoa asetzear
Gaur hasiko dira Santikutz jaiak, era askotako ekitaldiz betetako egitarauarekin. Bertso Olariek irakurriko dute pregoia, eta Txillidaren langileek jasoko dute Olaria.

Iritsi da apirilaren 30a, azken urteetan Legazpiko Santikutz jaiei hasiera emateko eguna. Orduak besterik ez dira falta jaien hasierarako, 19:00etan da hitzordua plazan. Aurten, Bertso Olariak bertso eskolako kideak igoko dira udaletxeko balkoira pregoia irakurtzeko eta suziria jaurtitzeko. Hortik aurrera eta igandera arte, jai giroak ez du etenik izango herrian.
Legazpiarrak prest daude jaietaz gozatzeko, eta urtero bezala, aterkia ere eskura dute, badaezpada, eguraldi iragarpenak ez direlako oso onak astebururako. Baina euria ez da oztopo izango, udalak ordezko festaguneak prestatuta dituelako.
Betiko ekitaldiak
Urtero bezala, herriko elkarteekin batera prestatu du udalak Santikutz jaietako egitaraua. Era askotako ekitaldiak jaso ditu, eta musikak, kirolak eta tradizioak lekua izango dute, beti bezala.
Musikarekin kaleak, plaza eta egitarau propioa izango duen txosnagunea girotzeaz hainbat talde arduratuko dira, herrikoak, zein kanpokoak. Herriko taldeak azpimarratu behar dira beste behin ere, jaiak alaitzeko prest izango direlako musika banda, txistulariak, dultzaineroak, abesbatza, errondaila, txaranga eta musika eskolako ikasleak, Loak taldearekin batera. Kanpokoen artean, Dupla eta Kalakan azpimarratu behar dira. Azken hau, bandarekin batera arituko da kontzertuan.
Kirola, bolen, xakearen, Santikutz txirrindularitza klasikoaren, eta pilotaren esku egongo da.
Tradizioak ere ez du hutsik egingo, eta ganadu azokan biltzen diren baserritarrak, Santikutz eguneko ezpata-dantzak eta Mirandaola eguneko ekitaldiek osatuko dute horri dagozkionak. Tradizio bihurtu da baita ere Olaria saria, maiatzaren 3ko ezpata-dantza ekitaldian zehar entregatuko dena; aurten Txillidarekin lan egin zuten legazpiarrek jasoko dute. Ezpata-dantzak, berriz, apurtu egingo du aurten tradizioa, eta Sustraiak taldeko dantzariek egingo badute ere, emakumeak izango dira nagusi, orain arte dantza hori interpretatzeko aukera izan ez dutenak.
Ikuskizunen atalean, herritar bat aipatu behar da, Eneko Gutierrez magoa, Amona Felisaren irratia magia ikuskizuna estreinatuko duelako jaietan.
Hiru pilota jaialdi
Pilotak leku berezia izango du festetan, hiru jaialdirekin. Bihar Pilota Eskolaren gaztetxoen eta helduen txapelketen finalak jokatuko dira. Honetan, 17:00etan hasita, Arkaitz Garmendia-Erik Retolaza eta Aitor Agreda-Markel Arrizabalaga neurtuko dira hirugarren eta laugarren postuaren lehian, eta finalean Anartz Agirre-Goikoetxea eta Beñat Perez-Oier Altzelai izango dira.
Maiatzaren 3ko pilota jaialdian bi partida izango dira: Senar-Ugartemendia eta Murua-Erostarbe hasteko, eta Ezkurdia-Rezusta eta Jaka-Mariezkurrena II.a ondoren.
Gaueko autobusa
Urtero bezala, gaueko autobus zerbitzua ere egongo da, gaur, bihar eta ostiralean. 23:30etik 05:30era orduero autobus bat aterako da Zumarragako geltokitik. Legazpitik itzultzeko autobusak Saturnino Telleriako errotondatik irtengo dira: 00:00etatik 06:00etara.
Gaur, asteazkena
- 19:00: Txupinazoa eta pregoia Bertso Olariak bertso eskolarekin, plazan.
- 19:30: LEK Legazpiko Erraldoi eta Buruhandi Konpartsaren kalejira, Doinuzar taldeko eta San Adriango gaiteroekin.
- 22:00: Loak taldearen kontzertua, plazan.
- 23:30: Akerbeltz erromeria taldea plazan.
Bihar, osteguna
- 09:00: Santikutz 91. Txirrindularitza Klasikoaren irteera.
- 09:00: Argazki rally berezia 55 mm-an, Ikatzak antolatuta.
- 10:00: Santikutz bola txapelketa, Danantzako bolatokian.
- 10:00: XV. Haurren Pilota Txapelketako finalak, Urbeltz pilotalekuan.
- 11:30: Doinua musika eskolako taldeen kalejira, Udalbatza Txikiarekin.
- 12:00: Udalbatza Txikiaren aurkezpena eta aginte makila jasotzea.
- 12:30: Izeba Felisaren irratia magia eta umore ikuskizuna, Eneko Gutierrezek.
- 13:15: Txirrindulari probaren bukaera.
- 14:00: Kuadrillen herri bazkaria, Haztegi ikastolako atzeko pilotalekuan.
- 17:00: Binakako XVI. Pilota Txapelketa Herrikoiaren finalak, Urbeltzen, Trapalata txarangak alaituta.
- 18:00: Haurren eta gazteen danborrada, Laubidetik irtenda. Plazan 19:00etan.
- 19:30: Matraka elektro-txaranga.
- 22:30: Txekor prestaketa, burruntzi erara, Kale Nagusian. Urtatza Azpikoa baserriko txekorra.
- 23:30: Dupla taldea.
Maiatzak 2, ostirala
- 09:30: XV. Herriko Ganadu Feria, Kale Nagusian, 13:30 arte.
- 09:30: Ikatzaren argazki lehiaketa herrikoia.
- 11:00: Doinua dultzaineroen eta perkusio jotzaileen kalejira, erdigunean.
- 11:30: Herriko jolasak familientzat, plazan.
- 12:00: Santikutz abesbatza, auzoz auzo.
- 13:00: Burruntzi erara prestaturiko txekor pintxo banaketa, Kale Nagusian.
- 14:00: Haurren eta familien herri bazkaria, Euskal Herria Plazan.
- 16:00: Buala jaialdi-ikuskizuna haurrentzat, Txaloka taldearekin.
- 18:00: LEK erraldoi konpartsaren eta dultzaineroen kalejira.
- 22:00: Herri danborradaren irteera, Laubidetik eta Bikuña plazatik.
- 00:00: Herriko bandera igotzea, Legazpiko ereserkia eta danborradaren emanaldia, plazan.
- 01:00: Joselontxos txaranga.
Maiatzak 3, larunbata. Santikutz eguna
- 09:00: Goiz Deia txistularien kalejira.
- 09:30: Iruñeko Ezpelur gaitero taldea.
- 10:30: Mirandaolako Gurutze Santuaren prozesioa, txistulariekin eta dantzariekin, eliz atarian. Ondoren, meza, Santikutz abesbatzarekin.
- 12:00: Santikutz ekitaldia, plazan. Ezpelur gaiteroak, ezpata-dantza Sustraiak taldearekin, Olaria saria Txillidaren langileei, soka-dantza, zinta-dantza eta larrain dantza.
- 14:00: Larrain dantza herrikoia, Kale Nagusian.
- 16:00: Zirku Eskola handia haur eta gazteentzat, Latxartegi parkean.
- 17:30: Pilotari profesionalen partidak, Urbeltzen.
- 19:00: Zaldien erakustaldia, Ormazarretakoek, Kale Nagusian.
- 20:00: Kalakan taldearen eta Legazpiko Musika Bandaren kontzertua, plazan.
- 23:00: Latuna Bando txaranga.
Maiatzak 4, igandea. Santikutz Txiki eguna
- 10:00: Legazpiko dultzaineroen kalejira, Hegialdetik eta San Martinetik plazaraino.
- 10:00: Xake txapelketa, Azokan.
- 11:00: Musika eskolako Banda Txiki eta Gazte Band taldeen kalejira.
- 12:00: Doinua musika eskolako banden kontzertua, Kale Nagusian.
- 13:00: Alaitasuna errondailaren kalejira.
- 18:00: LEK erraldoi eta buruhandi konpartsaren, Gaztedi dultzaineroen eta Doinuzar gaiteroen kalejira.
- 19:30: Euskorleans eta Kukai taldeen musika eta dantza ikuskizun ibiltaria.